Gizartea -
Oporrak amaituta
Ipar Euskal Herriko ikasleak eskolara itzuli dira
Zehazteke dauden berritasunen artean, Baxoaren erreforma dago. Aurten, iaz bezala, berriro atzeratuko dituzte azterketen datak.
EITB Media
Ipar Euskal Herriko 51.000 ikasleentzat astelehena izan da lehen eskola eguna. Ikasturte berriaren hasierarekin, ikusteko daude oraindik datozen erreforma eta aldaketak.
Egun, gero eta ikasle gehiagok egiten dute euskaraz ikasteko hautua, baina, hala ere, ez dira erdira iristen. Askok eredu eleanitzeko eskoletan ikasten dute, eta institutuan frantsesera pasatzen dira. Zehazki, % 43 dira Haur Hezkuntzan euskaraz hasten direnak, baina etapa guztiak kontuan hartuta, ehunekoa txikiagoa da.
Lehen urteetan klaseak euskaraz ematen dituzten zentroak gehiago dira, baina maila altuagoetan, kolegio eta lizeoetan alegia, ez da horren arrunta. Seaska ikastolen sareko Etxepare Lizeoa da eskolako azken hiru urteak osoki euskaraz eskaintzen dituen bakarra. Elkarteak bosgarren kolegioa irekiko du aurten Senperen.
Dena prest badute ere, bada oraindik zehazteko dagoen berritasunik. Iaz, Baxoaren erreforma zela eta, ikasleek unibertsitatera sartzeko probak martxoan egin zituzten, ekainean egin beharrean. Aurten berriro atzeratuko dituzte azterketen datak.
Oraindik ez dakite zehazki zeintzuk izango diren neurri eta aldaketa horiek, baina, aurten ere, Seaskak jarraituko du Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen, baita ikasleek ikasketak euskaraz hasi eta bukatzeko aukera izan dezaten ere.