Gizartea -
HEZKUNTZA
Hasi da ofizialki 2023-2024 ikasturtea Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, 474.689 ikaslerekin
Euskal Autonomia Erkidegoan, 361.553 ikaslerekin hasi da ikasturte berria unibertsitatez kanpoko mailetan. Nafarroan, ostera, 113.136 ikasle izango dira.
EITB MEDIA
Hasi da 2023-2024 ikasturtea Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako unibertsitatez kanpoko hainbat ikastetxetan, eta beste kasu askotan bihar itzuliko dira ikasgeletara. Guztira, 361.553 ikasle izango dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 113.136 Nafarroan.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 361.553 ikasle matrikulatu dira unibertsitatez kanpoko mailetan (Haur Hezkuntzatik Batxilergora, Lanbide Heziketa ere aintzat hartuta). Iazko ikasturteko datuekin alderatuta, jaitsiera % 0,02koa izan da.
Haur Hezkuntzan, jaiotza-tasaren jaitsieraren ondorioz, ikasleen kopuruak behera egiten jarraitzen du. Hala ere, Haur Hezkuntzako lehen zikloan (0-2 urte) matrikulazio kopuruak % 2,42 egin du gora, segur aski haur-eskolak aurrerantzean doakoak direlako. 3-5 urteko zikloan, aldiz, ia % 4 ikasle gutxiago egongo dira, aurreko ikasturteko datuekin alderatuta. Lehen Hezkuntzan, ikasleen beherakada % 2,42koa izan da ikasturte honetan. DBHn eta Batxilergoan, ostera, hazkunde txikiak izan dira, % 1,89 eta % 0,95, hurrenez hurren.
Familien % 51,5ek sare publikoaren alde egin dute, eta % 48,5ek sare pribatua edo itunpekoa aukeratu dute.
Hizkuntza-ereduei dagokienez, azken urteetako joerari jarraituz, D eredua izan da hautatuena. Gainera, hezkuntza-etapa guztietan hazi da. Haur Hezkuntzan, 3-5 urteko adin-tartean, eredu hori da gehien eskatzen dena, eta 0,7 puntu egin du gora iaztik. Aipaturiko adin-tartean, ikasleen % 83,1 daude D ereduan, % 14,7 daude B ereduan, eta % 2,2 daude A ereduan.
Lanbide Heziketan, azken ikasturteetan gertatu den bezala, matrikulazioak gora egin duela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak. Zehazki, lehen mailan, % 9,1 ikasle gehiago matrikulatu dira matrikulazio-aldi arruntean (uztailean amaitu zen), aurreko ikasturteko aldi bereko datuekin alderatuta, baina Lanbide Heziketan matrikulatzeko ezohiko aldia urriaren erdialdera arte egongo da zabalik.
Iñigo Urkullu lehendakariak, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua lagun zuela, Leioako Txomin Aresti Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea bisitatu du gaur goizean, ikasturte hasierarekin bat eginez.
113.136 ikasle Nafarroan
Nafarroako ikasleek ere gaurtik aurrera hasiko dute ikasturtea. Gaur izan dute lehen eguna hainbat ikastetxetan, eta bihar edo astelehenean hasiko dira beste zenbaitetan.
113.136 ikasleetatik 75.828 sare publikoko ikastetxeetan matrikulatu dira, eta gainerakoak, 37.308, ikastetxe pribatuetan edo itunpekoetan.
0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehen zikloari dagokionez, Nafarroako Gobernuaren jabetzakoak diren zazpi eskoletan 419 haurrek eman dute izena, eta Nafarroako udal titulartasuneko haur-eskoletan, berriz, 4.515ek.
3 urteko 5.072 ikasle hasi dira eskolan, eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloak 16.350 ikasle izango ditu.
Lehen Hezkuntzan (LH), 41.365 ikasle matrikulatu dira; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), 30.074; eta Batxilergoan, 8.805.
Hizkuntza-ereduei dagokienez, 88.179 ikasle matrikulatu dira A (gaztelera hutsean, euskara irakasgai izanda) eta G (gaztelera hutsean) ereduetan. B (ikasgaiak euskaraz eta gazteleraz) eta D (euskara hutsean, gaztelera irakasgai izanda) ereduetan, berriz, 27.552 ikasle daude izena emanda.
Lanbide Heziketari dagokionez, 2019-2020 ikasturteaz geroztik, Nafarroako Lanbide Heziketak % 30eko hazkundea izan du.