Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Gizonezko bat atxilotu dute zuzeneko bat egiten ari zen kazetari bati sexu-erasoa egiteagatik Madrilen
Erasotzailea kazetariarengana hurbildu da, ipurdia ukitu dio eta zein telebista-katerentzat ari den lanean galdetu dio. Eta hori egin ondoren, alboan geratu da, begira, zuzenekoa egiten ari zen bitartean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
25 urteko gizonezko bat atxilotu dute Isa Balado kazetariari zuzenekoa egiten ari zela sexu-erasoa egiteagatik. Cuatro telebista-kateko saio batentzat berri bat zuzenean ematen ari zen kazetaria, Madrilgo kale batean, erasoa pairatu duenean.
Espainiako Polizia Nazionalak jakitera eman duenez, biktimak salaketa jarri ondoren atxilotu dute gizonezkoa, gertakariak izan diren tokitik oso gertu. Erasotzailea Baladorengana hurbildu da, ipurdia eta ilea ukitu dizkio, eta zein telebista-katerentzat ari den lanean galdetu dio. Hori eginda, alboan geratu da, begirik kendu gabe, kazetaria lanean ari zen bitartean.
"En boca de todos" saioan ari zen albiste baten berri ematen Balado, eta Nacho Abad aurkezlea izan da gertatutakoa salatu duen aurrena. Biktimak berak ere berehala hartu dio kargu gizonezkoari. "Zein katerentzat lanean ari naizen galdetzeko, ipurdia ukitzea beharrezkoa al da? Lanean nago eta zuzenekoa egiten ari naiz", esan dio.
Berehala zabaldu da bideoa sare sozialetan, eta salaketa-mezuak bata bestearen atzetik etorri dira. Politikari zein kazetari ugarik gogor gaitzetsi dute erasoa, Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak, besteak beste. Baimenik gabe ukitzea sexu-indarkeria dela berretsi du.