Gizartea -
Txostena
Sexu esplotazio arriskuan dauden 286 lagun identifikatu zituzten iaz, EAEn
Esplotazioen artean, sexuala da nabarmenena (kasuen % 59). Behartutako lana bigarren maila batean dago (% 34), eta biktimen % 90 emakumeak eta neskatoak dira.
AGENTZIAK | EITB.EUS
Sexu esplotazio arriskuan bizi diren 286 pertsona identifikatu zituzten iaz Euskal Autonomia Erkidegoan, Espainiako Barne Ministerioaren terrorismoaren eta antolatutako krimenaren aurkako inteligentzia zentroak argitaratutako azken txostenaren arabera. Irabazi asmorik gabeko Nueva Vida elkarteak jaso ditu datuok.
Txostenak erakusten du esplotazioen artean, sexuala dela nabarmenena (kasuen % 59). Behartutako lana bigarren maila batean dago (% 34), eta biktimen % 90 emakumeak eta neskatoak dira.
Horregatik, Nueva Vida elkarteak kontzientziazio kanpaina abiatuko du. Hala, Bizkaian ekintza ezberdinak egingo dituzte irailaren 18tik 24ra.
Nueva Vidak beharrezkotzat jo du prostituzioaren kontsumitzaileetan arreta jartzea, "eskaintzaren atzean zer dagoen jakin behar dutelako": emakumearen aurkako indarkeria, drogak behartuta kontsumitzea, bazterkeria, gaixotasunak, eta, ondorioz, sexu esplotazioa", zehaztu du elkarte horretako buru Julio David Garciak, ohar baten bidez.