Gizartea -
Nafarroa
Jai Batzordeak salatu du Iruñeko Udalak debekatu egin dituela San Fermin Txikitoko ekitaldi batzuk
Jakinarazpenak ospakizuna baino 48 lehenago iritsi zitzaizkien, kontratatuta zeuden ekitaldiak ziren, jaien egitarauan iragarriak eta aurreko urteetan arazorik gabe egindakoak.
agentziak | eitb media
Iruñeko Alde Zaharreko Jai Batzordeak salatu du Udalak San Fermin Txikito jaietako zenbait kultur ekitaldi debekatu dituela ospakizuna baino bi egun lehenago.
"San Fermin Txikito jaiak hasi baino bi egun lehenago, Alde Zaharreko zenbait lokaletan jada kontratatuta zeuden, jaietako egitarauan agertzen ziren eta aurreko urteetan arazorik gabe egin diren zenbait ekitaldi debekatzeko Udalaren aginduak jaso dituzte", adierazi dute ohar batean.
Gaineratu dutenez, debeku horiekin "auzoarentzat garrantzitsuak diren eremu batzuk zigortzen" dira, eta aldi berean, "Udalak bizilagunei askoz ere kalte handiagoa (zarata, zikinkeriak, atsedena galaraztea…) egiten dieten jarduerak sustatzen ditu urte osoan".
Jai Batzordeak jarduerak aurrera eraman ahal izateko irtenbide bat eskatu dio Udalari. Hala, Udalarekin eta jaietan eskumena duen eragile ororekin batzartzeko prest agertu da Batzordea.
Debekuaren aurrean, Gero Baik errefusatu egin du Udalak ekitaldiak debekatu izana; izan ere, "nahikoa denborarekin egin zituzten baimen eskaerak".
Mikel Armendariz Geroa Bairen zinegotziak kritikatu du UPNren Udalak ez duela "irizpide argi eta koherenterik Alde Zaharrean jarduerak baimentzeko", ekitaldi batzuk debekatzen dituen bitartean, "urte osoan zehar bizilagunei kalte handiagoa egiten dieten ekitaldiak sustatzen" dituelako.
Contigo-Zurekinek, berriz, "sektarismoa" leporatu dio Udalari. Koalizioak esan du "ulertezina" dela "debeku horiek azken unean ematea, kontratuta baitzeuden, eta beste urte batzuetakoen antzekoak baitziren".