Gizartea -
Indarkeria matxista
Sexu delituengatik zigortutakoen kopuruak % 9 egin du behera Hego Euskal Herrian
Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuen arabera, Bizkaia da 2017tik goranzko joera duen lurralde bakarra (iaz 89 pertsona zigortu zituzten, 2021ean baino bat gehiago). Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan gorabeheratsuagoa izan da bilakaera.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Iaz 231 pertsona (% 97 gizonezkoak) zigortu zituzten Hego Euskal Herria sexu delituengatik, 2021ean baino % 9 gutxiago, Espainiako Estatistika Institutuak (INE, gaztelaniazko siglak) gaur jakinarazitakoaren arabera. Zigortutakoen Estatistikaren datuak eman ditu ezagutzera estatistika erakundeak.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian izan ezik, gainerakoetan behera egin zuen zigortutakoen kopuruak: Araban 24 pertsona kondenatu zituzten (2021ean baino 9 gutxiago); Gipuzkoan 60 (4 gutxiago) eta Nafarroan 58 (7 gutxiago). Bizkaian 89 izan ziren iaz zigortutakoak, 2021eko datua ia berdinduta (88). Azken urteotako joerari erreparatzen badiogu (2017tik ematen ditu INEk datu hauek), Bizkaia da goranzko joera duen lurralde bakarra. Gainerako lurraldeek bilakaera gorabeheratsua izan dute, igoerak eta jaitsierak tartekatuta.
Zigortutako pertsonen adinari erreparatuta, delitu matxista batengatik zigorra jaso zuten adingabeak (14-17 urte) ere gutxiago izan ziren Hego Euskal Herrian, eta datuak beherakada nabarmena izan du; izan ere, 2021ean baino % 45 gutxiago zigortu zituzten (17 adingabe zigortu zituzten 2022an; 37, berriz, 2021ean). Lurraldez lurralde bereizita, 3 adingabe zigortu zituzten iaz Araban; 6, Bizkaian, eta 4na Gipuzkoan eta Nafarroan.
Espainiako Estatuan, aldiz, gora egin du sexu delituengatik zigortutako adingabeen kopuruak (501 adingabe, guztira), 2021ean baino % 14,1 gehiago. Adinez nagusiak diren zigortutakoen kopurua, berriz, ez da maila berean igo, hazkunde oso txikia izan baita (% 0,2koa).
Azken urteotan atzemandako joera da, INEk zehaztu duenez. Zigortutakoak ez ezik, adingabeek egindako sexu delituek ere gora egin dute Espainiako Estatuan (636 delitu, aurreko urtean baino % 4,4 gehiago). Delitu horien artean, 10etik 6 16 urtetik beherako emakumeei egindako sexu abusu eta sexu erasoak izan ziren; % 21 sexu abusuak eta % 4 sexu erasoak (4 bortxaketa tartean).
Adinez nagusiei dagokienez, 3.201 pertsona zigortu zituzten sexu delituengatik (guztien % 97, gizonezkoak) Espainiako Estatuan. Egindako delitu motaren arabera, 10etik 4 sexu abusuak izan ziren, eta % 12 sexu erasoak (46 bortxaketa). Nabarmentzeko moduko beste datu bat: 5 biktimetatik 1ek 16 urte baino gutxiago zituen.