Gizartea -
Pedofilia
Zarautzeko 67 urteko gizon bat atxilotu dute eduki pedofiloko bideoak Internet bidez partekatzea egotzita
Joan den irailaren 21ean, susmagarriaren etxebizitzan sartu eta miatu zuten, eta atxilotu egin zuten, poliziek haren etxean zeuden informatika-terminalak aztertzen zituzten bitartean.
EITB Media
Espainiako Poliziak 67 urteko gizonezko bat atxilotu dute Zarautzen (Gipuzkoa), adingabeak galbideratzea leporatuta, eduki pedofiloko materiala eta haur-pornografia Internet bidez partekatzeagatik.
Poliziak eta Barne Ministerioak ohar baten bidez jakinarazi dutenez, Madrileko Ziberdelinkuentzia Unitateak Zarautzeko etxe batetik izaera pedofiloko artxiboak partekatzen ari zirela antzeman ondoren abiatu zen ikerketa.
Erabiltzaile horren Interneteko zerbitzuen hornitzaileak emandako informazioaren azterketari esker, poliziek etxebizitza geolokalizatu eta jabea identifikatu ahal izan zuten.
Jarraian, Donostiako Polizia Judizialeko Brigadak ikerketa abiarazi zuen zaintza eta jarraipenen bidez, deskargak egiteko erabiltzen zen IP helbidearen erabiltzailea nor zen egiaztatzeko.
Hala, joan den irailaren 21ean, susmagarria etxean sartu eta miatu zuten, eta atxilotu egin zuten, poliziek haren etxean zeuden informatika-terminalak aztertzen zituzten bitartean.
Poliziek egiaztatu zutenez, gizonak eduki pedofiloko bideoak ezabatu bazituen ere, deskargen plataforma mantentzen zuen oraindik, eta, beraz, ezin izan zuen erantzukizuna saihestu.