Gizartea -
ESKOLA GARRAIOA
Bildarratzek berretsi du ez zela "irregulartasunik" eta "interes gatazkarik" egon Labayenen kontratazioan
Sailburuaren arabera, "nahikoa egiaztatuta" gelditu da Hezkuntza Sailak Cuatrecasas abokatu bulegoa legez kontratatu zuela. Edonola ere, onartu du nahasmena saihestu beharko zuketela.
EITB MEDIA
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak gaur berretsi duenez, "ez zen irregulartasunik egon", eskola-garraioko gatazkaren harira, Hezkuntza Sailak Joanes Labayen abokatua (Cuatrecasas abokatu bulegoa) kontratatu zuenean.
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egin duen agerraldian Bildarratzek eman dituen azalpenen arabera, eskola-garraioa esleitzeko prozesuan "ez da egon interes gatazkarik", Labayen Urpa garraio enpresaren Administrazio Kontseiluko kide izan arren.
Edonola ere, "interpretazioetan oinarritutako nahasmena saihestu beharko genukeen", aitortu du.
Bestalde, Bildarratzek nabarmendu du eskola-garraioaren lizitazio prozesua amaitutakoan, abuztuan, kontratatu zuela Hezkuntza Sailak Cuatrecasas abokatuen bulegoa. Hortaz, Labayenek "ezin zuen inola ere Urparen interesen alde egin", gaineratu du. Urpa autobus konpainia 30 lineatan aritzeko aurkeztu zen, eta 15 esleitu zizkioten, horietatik 12tan bera izan baitzen lehian zegoen enpresa bakarra.
Oposizioak, berriz, etika falta leporatu dio.