Gizartea -
Trafiko
Arazo handirik ez euskal errepideetan, udako bigarren operazioan
2,7 milioi autoren joan-etorriak espero dira udako bigarren trafiko-operazio honetan. Halere, 8 kilometrorainoko auto-ilarak izan dira Portugalete eta Muskizen artean.
Erredakzioa
Ez da arazo handirik egon euskal errepideen sarean, hasi berri den udako bigarren operazio berezian. Halere, auto-ilarak sortu dira goizean, zortzi kilometrorainokoak, A-8an Portugalete eta Muskizen artean eta Kantabriarako noranzkoan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ohartarazi duenez.
Astearte honetan, 15:00etan, udako bigarren trafiko-operazioa abiatu du Trafiko Zuzendaritza Orokorrak (DGT). Abuztuaren 1eko 00:00ak arte luzatuko den operazio honen bitartean, 2,7 milioi autoen joan-etorriak espero dira.
Oporrak amaitu dituztenak eta etxera bueltan direnak, eta oporrak hastera doazenak bat egingo dute bidean. Halaber, jatorrizko herrialdera itzuliko diren edo Europara doazen Magrebeko ibilgailuak izango dira errepideetan.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, euskal errepideetan normaltasuna da nagusi.
Arratsaldeko lehen orduetan hiri handienetik kostaldeko zonalderainoko errepideetan izan daitezke arazo handienak, Gaztela-Mantxan, Valentzian, Murtzian eta Andaluzian, bereziki.
Zaintza kontrolak
Gauzak horrela, udan zehar, trafikoa zaintzeko operatibo bereziak abiatuko ditu Trafiko Zuzendaritza Orokorrak. Gainera, trafikoaren arintasuna bermatzeko, hiri handienen sarreretan errei osagarriak irekiko ditu, eta kamioiei eta ibilgailu bereziei zirkulazioa galaraziko die.
Guztira, Guardia Zibileko 10.000 agente, 600 Trafikoa Kudeatzeko Zentroetako langile publiko eta errepideak mantentzeko beste 13.000 langile izango dira lanean.
Unean-uneko informazioa
www.trafikoa.net 011 900 400 100Halaber, informazio gehiago eta errepideen egoeraren inguruko irudiak eitb.com webgunean.