Gizartea -
Bizkaia
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, haur pornografiako 1.500 bideo baino gehiago zabaltzea leporatuta
47 urteko gizona irailaren 26an atxilotu zuten. Atxilotuak bi telefono mugikorren bidez deskargatzen eta zabaltzen zituen bideoak. Irailaren 21ean, Poliziak 67 urteko zarauztar bat atxilotu zuen, delitu bera egotzita.
EITB Media
Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu du Bilbon, adingabeak galbideratzea egotzita, eduki pedofiloko 1.500 bideo baino gehiago izateagatik eta haur pornografia hori Internet bidez zabalatzeagatik, Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak jakitera eman duenez.
Erakundeak ohar batean azaldu duenez, ikerketa Bizkaiko hiriburuko etxe batean eduki pedofiloko bideoak deskargatzen eta partekatzen ari zirela antzeman zutenean abiatu zen.
Interneteko zerbitzuen hornitzaileak emandako informazioa aztertuz egindako ikerketari esker, poliziek etxebizitza geolokalizatu eta zerbitzuaren erabiltzailea identifikatu ahal izan zuten.
Aurkikuntza horien berri Bilboko Polizia Judizialeko Brigadari jakinarazi ondoren, zaintzak eta jarraipenak egin, eta, azkenean, deskargak egiten ziren IP helbidearen erabiltzailearen nortasuna baieztatu zuten.
Horregatik guztiagatik, irailaren 26an, epailearen baimena jaso ondoren, Bizkaiko hiriburuan dagoen etxebizitzan sartu eta miatu zuten.
Ikertzaileek 47 urteko susmagarria atxilotu zuten, eta bi telefono mugikor aztertu zituzten. Atxilotuak bideoak deskargatzeko eta partekatzeko erabiltzen zituen.
Espainiako Poliziaren eta beste estatu batzuetako segurtasun agentzien arteko nazioarteko lankidetzari esker, artxibo pedofilo horiek mundu osoan zehar zabaltzen jarraitzea saihestu ahal izan dute.
Era berean, irailaren 21ean, Espainiako Poliziak Zarautzeko (Gipuzkoa) 67 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, adingabeak galbidean jartzea egotzita, eduki pedofiloko materiala eta haur-pornografia Internet bidez partekatzeagatik eta edukitzeagatik.