Gizartea -
Gerra Ukrainan
Gabonetan eta udan haur ukrainarrak hartzeko harrera familia bila dabil Chernobil elkartea
Elkarteak ohar baten bidez azaldu duenez, haur horiek "sekula baino behar handiagoa" dute orain eremu hartatik ateratzeko, gerra, elikagai eskasia eta bizi duten tentsio soziala tarteko.
eitb media
Txernobylgo haurrentzako harrera-familiak lortzeko kanpaina abiatu du Chernobil elkarteak, bai Gabonetako oporretarako baita datorren udari begira ere, Ukrainako gerra tarteko, 6-14 urte bitarteko adingabeak etxean har ditzaten.
Elkarteak ohar baten bidez azaldu duenez, Txernobylgo haur horiek "orain sekula baino gehiago behar dute beren eremetik ateratzea, gerra, elikagai eskasia eta bizi duten tentsio soziala dela medio".
Elkartearen arabera, "euskal familiek aldi baterako atsedena" eman diezaiekete; izan ere, "hasi zenetik bi urte betetzear direnean, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka gero eta kronifikatuago dago".
Nerea Albisu boluntarioak azaldu duenez, "Ivankivetik, Txernobyldik gertuen dagoen eskualdeko hiriburutik, kontatzen digute gerraren inguruan bizi direla hango haurrak eta asko sufritzen ari direla"; izan ere, euren programako familia guztiek dute senide zuzenen bat, bizilagunen bat edo lagunen bat frontean, eta egunero jasotzen dute heriotzen, zaurituen edo desagertuen berri".
Hala, interesa duten familiak edo edozein zalantza argitu nahi dutenak "konpromisorik gabe" jar daitezke harremanetan elkartearekin, webgunearen edo harremanetarako telefonoaren bidez (webgunean dago eskuragarri).