Gizartea -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Frantziak atzera egingo du muga pasabideak berriz zabaltzeko erabakian, Legarretaren ustez

Jaurlaritzaren Migrazio eta Asilo zuzendariaren hitzetan, Frantziako Polizia berriro ari da eremua zaintzen. Horren harira, jendarmeen jarrera gaitzetsi du, pertsona migratzaileak "ibilbide seguruetatik aldendu, eta bide arriskutsuetara" bideratzen dituztelako, hots, Bidasoa ibaia gurutzatzera.

Legarreta, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Legarreta, elkarrizketaren une batean.
Legarreta, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur zortzi iragarri zuen Frantziak urriaren 30ean zabalduko zituela berriro 2021etik itxita dauden Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko lau muga pasabideak. Aitzitik, erabakian atzera egingo duela uste du Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzaren Migrazio eta Asilo zuzendariak. "Ez dut zalantzarik. Izan ere, azken egunotan Frantziako Polizia ikusi dugu berriro Santiago zubian, 2021eko Gabonetatik azaldu barik bazegoen ere", arrazoitu du. 

Radio Euskadiren "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, Polizia horren jokaera salatu du Legarretak, "kontrol arrazistak eta berehalako kanporatzeak" egiten baititu. Horren hitzetan, "jarrera horrek eragin dizkio zailtasun gehien Jaurlaritzari pasaerako migrazioa kudeatzeko orduan". Izan ere, pertsona migratzaileak "ibilbide seguruetatik aldendu, eta bide arriskutsuetara" bideratzen dituzte, hots, Bidasoa ibaia igerian gurutzatzera. "Ezin dugu normalizatu pertsona batek bizia galtzea Bidasoa ibaian", azpimarratu du. 

Bestalde, Kanarietara heltzen ari den patera kopuru handia dela eta sortu den alertaren harira, Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak iragarri du gaur bertan eta "urgentziaz" bilduko dela Iragaitzazko Pertsona Migratzaileei Larrialdiko Laguntza Emateko Erakundeen arteko Koordinazio Mahaia. Legarretaren esanetan, gertutik ari dira jarraitzen uharteetako egoera, Irungo (Gipuzkoa) baliabideetara heltzen diren pertsonen % 84 bertatik etortzen baitira. Dena dela, "lasaitasun mezua" igorri nahi izan du. Azaldu duenez, Hilanderas zentroetan "gutxieneko datuak" dituzte eta, gainera, Euskadik badu beharra izanez gero "aktibatzeko prest" dagoen kontingentzia plana. 

Azkenik, "kezka" agertu du Europar Batasunean migrazio politikei erantzuteko dagoen "sentsibilizazio faltagatik". Deitoratu duenez, "mugen kontrolak areagotzearen aldeko diskurtsoak ari dira nagusitzen", Eusko Jaurlaritzak dituen "balio humanisten" kaltetan. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Eusko Jaurlaritza Iparraldea Frantzia Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Frantziako Gobernua