Gizartea -
Emakumea Ertzaintzan
Emakumeen eta gizonen arteko aldea erdira jaitsi da Ertzaintzan
Hala ere, plantillan dauden emakumeen portzentajea "ez da nahikoa", % 18 ingurukoa baita. Eusko Jaurlaritzak 2026ko promozioan emakumeen presentzia % 40ra iristeko plan bat jarri du martxan.
EITB MEDIA
Ertzaintzan sartzen diren emakumeen eta gizonen arteko aldea erdira murriztu da, duela 40 urte lehenengo emakume ertzainak sartu zirenetik.
Gaur egun, emakumeak % 17,95 dira Ertzaintzaren lanpostu-zerrendan, eta emakumeen batez besteko adina 40 urtekoa da. Zehazki, 1.341 emakume ertzain daude aktibo: 1.019 oinarrizko eskalako agenteak dira, 78 agente lehenak, 35 ofizialak edo ofizialordeak, 3 komisariordeak, 3 komisarioak, 2 fakultatiboen eta teknikarien eskalakoak eta 201 gaur egun praktiketan ari diren agenteak. Nahiz eta une hauetan 2 emakume dauden intendentetarako gaituta, ez dago plaza hori jabetzan duen emakumerik, Ertzaintzako eskalarik altuena izanik.
Iñigo Urkullu lehendakaria, lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekarekin batera, izan da gaur (astelehena) Ertzaintzan emakumeak sartu zireneko 40. urteurrenaren (1983-2023) ekitaldian.
Gora egin du promozio berrietako emakumeen kopuruak
Eusko Jaurlaritzaren ustez, finkatuta dago Ertzaintzaren promozio berrietan emakumeen presentziaren oinarria % 30ekoa izatea, baina oraindik ere ez da nahikoa. Horregatik jarri du abian "Emakumeak Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko I. Sustapen Plana 2026", emakumeek polizia-kidego batean duten presentzia hauek kidegoan sartu aurretik igotzea helburu duen dokumentua.
Plan horrek zeharkako eta diziplina anitzeko 45 neurri zehatz proposatzen ditu emakumeek gaur egun Ertzaintzan duten azpiordezkaritza jatorritik zuzentzeko, 2026an Ertzaintzan sartzen diren emakumeak % 40 izatea lortu arte.
Plan horrek proposatzen du hautapen-prozesu bakoitzean emakumeek bete beharreko plazen ehuneko progresibo bat gordetzea, legeak ahalbidetzen duen % 40ra iritsi arte, eta proba fisikoak hurrengo deialdira atzeratzea, umea jaio aurreko, erditzeko edo jaio ondoko egoeran dauden emakumeen kasuan.