Gizartea -

indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen bikotekidea sexu harremanak izatera behartzeagatik labanarekin mehatxatuta

Gertaera igande goizaldean izan zen, bikotea "festan" egon ondoren elkarrekin bizi diren etxera itzuli ostean.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 20 urteko gizonezko bat atxilotu zuen igandean Gasteizen, bikotekideari sexu-erasoa egitea egotzita. Antza denez, biktimak ez zuen sexu harremanik izan nahi, eta gizonak labana batekin mehatxatu zuen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Igande goizaldean, "festan" ibili ondoren, bikotea elkarrekin bizi den etxera itzuli zen. Bidean eztabaida izan zuten eta, etxera iritsi zirenean, mutilak belarrondokoak eman zizkion eta bere borondatearen kontra sexu harremanak izatera behartu zuen labana batekin mehatxatuta.

Handik gutxira, biktimaren familia, zerbait gertatu zitzaiolakoan, bikotearen etxera hurbildu zen eta biktimak gertatutakoaren berri eman zion. Familiak Ertzaintza deitu zuen, eta bertaratu zen patruilak atxilotu zuen erasotzailea genero indarkeriaren arloko sexu askatasunaren kontrako delitua leporatuta. Atxilotua astelehen honetan jarri dute agintari judizialaren esku.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa