Gizartea -
Trafikoa
Trafikoa bere onera itzuli da Arrontegi inguruan eta Ribabellosan
Bi kasuetan, kamioi batek eta ibilgailu arin batek egin dute talka. Bizkaiko errepidean, pilaketak sortu dira Galdakaoko noranzkoan. Araban, A-1eko ezbeharrean, pertsona bat zauritu da.
EITB Media
Trafiko istripu bana izan da goizean Bizkaian eta Araban, eta zirkulazioa erabat nahastu dute biek ala biek, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Lehen ezbeharra 06:30ean jazo da A-1ean, Ribabellosa parean (Erriberabeitia, Araba), Gasteizko noranzkoan. Kamioi batek eta furgoneta batek talka egin dute, eta pertsona bat zauritu da (ibilgailu barruan harrapatuta geratu da). Gasteizko Santiago Ospitalera eraman dute. Bi errei itxi dituzte, eta ondorioz, zirkulazioa motela izan da hiriburuko noranzkoan.
Bizkaian, N-637 errepidean, Arrontegiko zubian (Barakaldo) eta Galdakaorako bidean, beste kamioi batek eta auto batek txapa istripua izan dute. Errei bat itxi dute, eta ilarak sortu dira bi ibilgailuak bidetik kendu dituzten arte.
09:30erako, trafikoa bere onera itzuli da euskal errepide sarean.