Gizartea -
Denboralea
Domingos ekaitzaren 120 km/h-rainoko haize-ufadek arazo txiki anitz eragin dituzte EAEn
Zortzi hegaldi bertan behera utzi dituzte Loiuko aireportuan haizeteen ondorioz, eta 200 gertakari izan dira, gehienak adarrak edo hiri-altzarien zatiak erori direlako. Igande honetarako, alerta laranja ezarri dute kostaldean, sei metrorainoko olatuak izan daitezkeelako.
eitb media
Haize denboralearen eraginez, zortzi hegaldi bertan behera geratu dira gaur Loiuko aireportuan. Hain zuzen ere, Madrildik, Bartzelonatik, Palmatik eta Sevillatik iritsi behar ziren hegazkinak ez dira iritsi, eta, ondorioz, ez dira itzuliko.
Haize ufada gogorrenak Kapilduin (Bernedo), Matxitxakon (Bermeo), Garbean (Balmaseda) eta Zugaztietan (Trapagaran) neurtu dituzte bart; 126, 124, 121 eta 107 km/h-ko ufadak, hurrenez hurren.
Hondarribiko aireportuan, berriz, Aenako iturriek jakinarazi dute Madrildik eta Bartzelonatik iristekoak ziren hegazkinek normaltasunez lur hartu dutela gaur goizean, eta Gasteizko aireportuan ere ez dela gorabeherarik izan.
Era berean, EAEko errepide sare nagusian ez da aparteko ezer gertatu haizearen eraginez, baina adarren bat edo beste erori da bigarren mailako errepideetan, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
200 gertakari Euskadin
Haize bortitzak 200 gertakari inguru eragin ditu Euskadin, gehienak zuhaitz adarrak edo hiri-altzarien zatiak erori direlako.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 12:00ak arte 42 gertakari izan dira Araban, 88 Bizkaian eta 52 Gipuzkoan.
Bilbon, Hurtado Ametzaga itxi behar izan dute gaur goizean, haizeak ia bere tokitik atera duelako tejabana bat, baina azkenean ondoriorik gabe konpondu dute egoera.
Santurtzin, balkoi baten zati bat behera erori da haizearen eraginez, baina, zorionez, ez du inor azpian harrapatu. Barakaldon, berriz, haizeak metroaren kartel bat bota du.