Gizartea -
NASA-ren misioa
Noizko gizaki bat Marten?
'Curiosity' misioa urrats garrantzitsua da planeta gorrira astronautak bidali ahal izateko. NASAk epeak ditu dagoeneko esku artean.
Erredakzioa
'Curiosity' robot esploratzailea Marten lurreratu izanak piztu egin du berriz unibertsioaren esplorazioaren inguruko interesa, eta gizakia ere planeta gorrira noiz iritsiko den pentsatzen hasi dira asko.
Zientzialariek bide luzea egin behar badute ere, NASAk epeak ditu dagoeneko esku artean: "[Barack Obama AEBetako] presidenteak anbizio handiko helburua ezarri du, gizakiak 2030eko hamarkadaren erdialdean bidaltzea Martera, eta gaurko [atzo esan zuen] lurreratzea urrats adierazgarria da", Charles Bolden NASAko zuzendariaren hitzetan.
"'Curiosity'ren gurpilak gizakiak Marten egingo dituen oinatzen bidea marrazten hasi dira", gaineratu du, Pasadenan (Kalifornia) egindako agerraldi batean.
Lara Saiz ikertzaile espainiar eta NASAren Espazio Zentroko langileak azaldu duenez, "oraindik ez daude oso argi bidaiaren arriskuak. Oso bidaia luzea da, hiru urtekoa inguru, eta oraindik aztertu egin behar da astronautek nola egingo diote aurre".
Halaber, Martetik Lur planetara itzultzeko sistema ere garatu behar dela gogorarazi du: "Oraindik ez da ezer itzuli Martetik".
'Curiosity' robota 07:32an lurreratu zen atzo Marten. Bi urteko misioa egingo du bertan, planeta gorrian inoiz bizidunik izan den eta etorkizunean izan daitekeen argitzen saiatzeko.
Esploratzaileak 566 milioi kilometroko eta ia bederatzi hilabeteko bidaia egin zuen.
HORRELAKOA IZANGO DA 'CURIOSITY'REN MISIOA
Hurrengo bi urteetan, robotak espedizio geologikoa egingo du Gale kraterrean, Sharp mendian (Marteko ekuatorearen hegoaldea).
Zientzialarien ustez, krater hori duela 3.500-3.800 milioi urte sortu zen, hots, Martek, Lurrak eta Eguzki sistemako gainerako planetek meteorito bonbardaketa handiak jasotzen zituzten garaian.
Kraterrak 154 kilometro zabaleko fosa bat dauka, eta barruan 5 kilometro hondakin pilatu dira. Zientzialariek uste dute aspaldi kraterrean zeuden hondakinez sortu zela mendia.
Misio honekin, ikerlariek Marteren historia geologikoa ezagutu nahi dute, eta etorkizunean planeta horretara gizakiak bidaltzeko misioa prestatzen hasteko datuak bildu.