Gizartea -

Tindufera bueltatu dira

Mundubat: 'Saharar herriarekiko laguntza mantenduko dugu'

30 kooperante bueltatu dira gaur Tindufera, tartean Mundubat GKEko kideak. Saharako kanpamenduak seguruak direla erakutsi nahi dute, eta bertakoei laguntzen jarraitu.

Mundubateko ordezkariak Tindufera joan dira. Argazkia: EITB.
30 kooperante bueltatu dira gaur Tindufera

01:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Markiegi MunduBat Gobernuz Kanpoko Erakundeko presidenteak esan du Saharar herriarekiko "laguntza eta elkartasuna" mantendu nahi dutela, nahiz eta “tokian dagoen segurtasun eza” gero eta handiagoa izan.

Hamarka ekintzaile, tartean Sahararen aldeko elkartetako kideak eta Mundubat euskal GKEko kooperanteak, Tindufera (Aljeria) abiatu dira gaur berriz, herrialde horretako agintariek eta Fronte Polisarioak atzerritarrei eskaintzen dieten segurtasunean "konfiantza" dutela erakusteko.

Joan den astean, Espainiako Gobernuak dozena bat kooperante ebakuatu zituen Tindufetik, bertan espainiarrak bahitzeko plan bat atzeman eta gero.

Gaur Madriletik abiatu den bidaiak larunbata arte iraungo du, eta Saharar Herriaren Lagunen Elkarteetako Koordinakundeak antolatu du.

Ekintzaileek eta kooperanteek laguntza humanitarioa eta sendagaiak eramango dituzte sahararren kanpamenduetara, eta kooperazio proiektuak bertan behera ez uzteko deia egingo dute.

Kooperanteek kanpamenduak seguruak direla erakutsi nahi dute eta batez ere beren proeiktuekin aurrera jarraitu nahi dute. Saharar herria “laguntza humanitarioari” esker bizi dela diote eta horregatik, bertako lanak ezin duela etenik izan.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Markiegik esan du Europako Gobernuek ez dutela “Saharako gatazka konpontzeko beharrezkoa den babesa” eman eta, babesa hori jasotzen duten bitartean, “elkartasuna” mantendu egingo dutela azpimarratu du.

Tokia seguruagoa izateak “lehentasuna” izan behar duela nabarmendu du, ez bakarrik kooperanteentzat, baita Saharar herriarentzat ere. Kanpamentuetan 160.000tik gora lagun bizi dira.

Bestalde, Barajaseko aireportuan egin dituzten adierazpenen arabera, Espainiako kooperanteek uste dute Espainiako Gobernuak “arinegi” hartu zuela kooperanteak ekartzeko erabakia. “Marokorekin bat egin nahi izan du Espainiako Gobernuak”, gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea