Gizartea -
Aste nagusia 2012
Donostiak sexu-erasoak saihesteko kanpaina antolatu du
Udalak jakitera eman duenez, ekimen honek lan egiteko bi ildo izango ditu: sentsibilizazio-kanpaina eta jokaera kanpaina.
Erredakzioa
Donostiako Berdintasun eta Lankidetza Sailak kanpaina bat antolatu du, Gipuzkoako hiriburuaren Aste Nagusiari begira, sexu-erasoak saihesteko; gehiago izaten baitira festetan.
Udalak ohar batean jakitera eman duenez, ekimen honek lan egiteko bi ildo izango ditu: sentsibilizazio-kanpaina eta jokaera kanpaina.
Hainbat tabernatan 300.000 ezpainzapi banatuko dituzte, "Ez ez da" leloarekin, sexu erasoen kontrako giro bat sortzeko, eta libre erabakitzeko eskubidearen alde. 140 itsasgarri ere emango dituzte, honako esaldi honekin: "Toki honetan ez da sexu-erasorik onartzen".
Itsasgarri horiekin batera, erasoak jasan dituzten emakumeak artatzeko telefono zenbakiak ere banatuko dituzte, eta ehun bat banderatxo jarriko dituzte hiri osoan, sexu-erasoen kontrako hiriaren eta Udalaren konpromisoa argi uzteko.