Gizartea -
HEZKUNTZA
Urkullu lehendakariak "autokritika" egin eta PISA txosteneko datuak "hobetu" behar direla onartu du
Edozein kasutan, azpimarratu du PISA txostenak ez duela hezkuntza sistema bere osotasunean aztertzen, eta hiru konpetentzia soilik ebaluatzen dituela adin tarte jakin batean. Bestalde, emaitzak modu eraikitzailean irakurri behar direla defendatu du Hezkuntza sailburuak.
O. A. | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak 2022ko PISA txostenaren Euskadiko emaitzak "hobetu" behar direla onartu eta "autokritika" egiten ari direla nabarmendu du: "Hobetu egin behar dugu eta egiten ari gara". Dena dela, argi utzi nahi izan du PISA txostenak ez duela hezkuntza sistema bere osotasunean aztertzen: "PISA txostenak aztertzen dituen hiru adierazle zehatzen emaitzak hobetu behar ditugu". Halaber, EAEko hezkuntza sistema "ona" dela aldarrikatu du.
Lehendakariak hezkuntzaren inguruan oposizioko lau taldek (Elkarrekin Podemos-IU, PP, Vox eta Ciudadanos) egindako galderei erantzun die ostiral honetan Eusko Legebiltzarrean egindako kontrol saioan.
Legebiltzarrean egin duen agerraldian, pandemiak Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko (OCDE) herrialdeen emaitzetan eragin nabarmena izan duela adierazi du lehendakariak. Datuak eskuan, 2003an EAEko ikasleek batez beste 494 puntu erdietsi zituzten, OCDEko herrialdeetako ikasleen batez bestekoa baino lau puntu gutxiago. Oraingoan, EAEk 476 puntu lortu ditu, OCDEkoek baino bi gutxiago (478). Hortaz, hiru adierazle horiek kontuan hartuta, alde bi puntu murriztu dela zehaztu du.
Bestalde, lehendakariak azpimarratu du PISA txostenak ez duela hezkuntza sistema bere osotasunean aztertzen, eta hiru konpetentzia soilik ebaluatzen dituela adin tarte jakin batean (15 urte). Hori dela eta, "zuhurtzia" eskatu du, "beste adierazle bat" delako, eta, bere ustez, "emaitza horietatik ezin delako ondorioztatu euskal ikasleen errendimendu akademikoak okerrera egin duela".
Edozein kasutan, onartu du PISA txostenak aztertzen dituen hiru adierazle horietako emaitzak "hobetu" behar direla. Testuinguru horretan, esan du "analisi zorrotza" eta "autokritika" egin behar dela eta egiten ari direla, uste baitu horrela "ezinbesteko oinarria hobetu ahal izateko".
Azkenik, Euskadiko hezkuntza sistema "hondamenditik oso urrun" dagoela azpimarratu du, are gehiago, "ona" dela aditzera eman du.
Autokritikari muzin egin gabe, emaitzak modu eraikitzailean "irakurri" eta "aztertu" behar direla defendatu du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak.
Oposizioaren kritikak
Miren Gorrotxategi Eusko Legebiltzarreko Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailearen arabera, PISA txostenak agerian utzi du ikasleen errendimenduaren beherakada gertatu dela eta "desoreka" dagoela ikasle autoktonoen eta migranteen artean.
Carlos Iturgaizen (PP) iritziz, ikerketa horrek erakusten du EAEko hezkuntza sistemak "inoiz" ezagutu gabeko "beherakada" izan duela, eta Iñigo Urkullu lehendakariari aurpegiratu dio ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzea. Halaber, euskalduntzea konpetentzien gainetik jartzea leporatu dio: "Ikastetxeak euskaltegi bihurtuko dira".
Jose Manuel Gil Ciudadanoseko legebiltzarkideak azalpenak eskatu dizkio lehendakariari EAEko ikasleek PISA txostenean lorturiko emaitza "oso kezkagarriengatik", eta arazoa "nazionalismoa" dela adierazi du.
Voxeko Amaia Martinezen arabera, txostenak hausnarketa "sakona" eragin behar dute, horren atzean "egiturazko arazoa" dagoela uste baitu.