Gizartea -
Eguraldia
Egunak eguzkitsu eta gauak hotz, asteburu honetan
Ostiral euritsu eta gris baten ondoren, zerua garbituz joango da larunbatean. Gauetan, tenperatura minimoak jaitsi egingo dira, eta epelenak 10 eta 15 ºC artean mantenduko dira. Goizaldeak hotzak izango dira, eta Araban, esaterako, abisu horia ezarri du Euskalmetek, izotz arriskuagatik.
EITB Media
Larunbatean, behe-hodeiak eta lanbroa izan dira goizean goiz, baina horiek desegin ahala, eguzkia nagusitu da zeruan, eta hala eutsiko dio, gainera, egun osoan zehar. Haizea ahul eta aldakor ibiliko da, eta ekialdetik joko du kostaldean. Tenperatura maximoak aurreko egunetakoen antzekoak izango badira ere, minimoak nabarmen jaitsiko dira. Barnealdean, 0 ºC inguruko minimoak aurreikusten dira (1 ºC Gasteizen eta 2 ºC Iruñean), beraz, ez da baztertzen izotza egitea zenbait puntutan.
Igandean, giro eguzkitsua izango da, baina, goizaldetik zerua oskarbi egongo denez, minimoak hotzak izango dira: barnealdeko toki askotan, 0 ºC-tik beherakoak izango dira, eta kostaldean, 3 eta 5 ºC artekoak. Orduek aurrera egin ahala, eguzkiak giroa epelduko du, eta maximoak 10 ºC-tik gorakoak izango dira. Zerua hodei gutxirekin edo oskarbi egongo da egunaren hasieratik amaierara, Ebro ibarrean izan ezik, bertan behe-lainoak egun osoan iraun baitezake. Ekialdeko haize ahula ibiliko da.
Larunbatetik iganderako eta igandetik astelehenerako gauak oso hotzak izango dira, Araba erdialdean eta Ebro ibarrean bereziki. Hori dela eta, abisu horia ezarri du Euskalmetek izotz arriskuagatik, eta ohartarazi du lainoa ere ager daitekeela izotzarekin batera. Larunbat gauerditik igandeko 10:00ak arte eta igande gauerditik asteleheneko 10:00ak arte egongo da indarrean abisua.