Gizartea -
Manifestazioak
Milaka lagun atera dira kalera Iruñean eta Bilbon Palestinako herriari babesa emateko
10.000 pertsonak erantzun diote "Yala, Nafarroa Palestinarekin" plataformaren deialdiari, eta Palestinako gerra eta Israelek duela mende bat baino gehiago planifikatutako "garbiketa etnikoa" amaitzeko eskatu dute Iruñeko kaleetan. Bilbon, ehunka lagun bildu dira Arriaga plazan.
Agentziak | EITB Media
Milaka lagunek Palestinako gerra eta Israelek duela mende bat baino planifikatutako "garbiketa etnikoa" amaitzeko eskatu dute Iruñeko kaleetan.
Hala eskatu du sindikatu, alderdi, giza eskubideen aldeko erakunde eta mota askotako elkarteen artean ehun kolektibok baino gehiagok osatzen duten "Yala, Nafarroa Palestinarekin" plataformak, Iruñean deitutako manifestazioaren amaieran irakurritako komunikatuan. 8.000 pertsona izan dira bertan, Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera, eta 10.000, antolatzaileen arabera.
Joaldunek zabaldu dute martxa, eta Euskal Herriko eta Arabiako jantziak zeramatzaten gazte batzuk joan dira atzetik, Palestinako banderak eskuetan. Horien atzean, plataformaren ordezkariek eraman duten pankarta nagusia, "Gelditu dezagun genozidioa Palestinan. Yala Goazen Vamos" leloa zeramana.
Pankarta atzean, hainbat ordezkari politiko joan dira, Geroa Bai (Ana Ollo kontseilaria, besteak beste), EH Bildu (Miren Zabaleta), IUN (Carlos Guzman) eta Podemos (Ione Belarra eta Idoia Villanueva) alderdietakoak, besteak beste, bai eta CCOO eta LAB sindikatuetako kideak ere.
Palestinako banderak eta kartel ugari eraman dituzte manifestariek, "Utzi eskolak, ospitaleak, osasun langileak, gaixoak eta zibilak bonbardatzeari" eta "Giza eskubideekiko errespetua" esaldiak zeramatzenak, tartean. Hainbat kolektibo profesional ere bildu dira protestara, "Osasun langileak Palestinarekin. Su-etena orain" pankartarekin, eta suhiltzaile talde bat, laneko arroparekin jantzita eta "Yala Palestina" pankarta zeramatela.
Europa plazatik abiatu dira guztiak, eta, Baiona hiribidetik barrena, Antoniutti parkeraino joan dira. Martxaren amaieran, talde batek "dabka" Ekialde Hurbileko dantza herrikoia dantzatu du.
Ibilbidean zehar, honako leloak oihukatu dituzte: "Ez da gerra bat, genozidioa da", "Palestina Askatu", "Estatu sionista, estatu terrorista", "Israeli boikota" eta "Lapurtutako lurrak berreskuratuko dira".
Lidon Sorianok, Hodei Arangurenek eta Maitane Melero atletak (plataformako bozeramaileak) irakurri duten oharrean adierazi dutenez, Palestinan orain gertatzen ari dena "sionismoak 1897an planifikatu zuen garbiketa etnikoaren prozesuaren beste fase bat besterik ez da".
Gerrako ia hiru hilabete hauetan eraildako ia 30.000 lagunetatik % 70 emakumeak eta haurrak direla, eta, azaldu dutenez, "ez da kasualitatea", Israelek "palestinarrik gabeko" etorkizuna nahi duelako. Halaber, "munduari frogak ezkutatzeko", kazetariei ere eraso egiten ari direla salatu dute.
"Kopuru guztiak motz geratzen dira milaka haur umezurtzek bakarrik, janaririk, edaririk eta arropa nahikorik gabe bizi eta sentitu behar duten izugarrikeria azaltzeko", esan dute. Salatu dutenez, Israelgo Estatua "herri palestinarraren aurkako sarraskia egiten ari da, eta AEB eta EB genozidio horren beharrezko konplize dira".
Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuari eskatu diote Israeli armak bahitzeko eta harekin harreman diplomatikoak eteteko, baita Palestinako Estatua aitortzeko ere.
Bilbon ere, Palestinarekin bat
Bilbon ere, ehunka lagun bildu dira Arriaga plazan eguerdian, Palestinarekin Elkartasuna ekimenaren deialdiari erantzunez Gazako genozidioarekin amaitzea eskatzeko.
Peio Almagro deialdia egin duen plataformako bozeramaileak adierazi duenez, "ezinbestekoa da sionismoa palestinar herriaren aurka egiten ari den sarraskia eta genozidioa salatzea", eta euskal gizarteari dei egin dio elkartasuna adierazi eta hondamendiaren aurrean mobilizatzeko, "are gehiago jakinda egunetik egunera Palestinako herriaren aurkako bortizkeria handituz doala, eta baita horren normalizazioa ere".