Gizartea -
Motorrak
Motozaleek 125 zentimetro kubikora arteko motorretarako ikastaroa egin beharko dute
Barne ministroak azaldu duenez, "nola izango den eta nola gauzatuko den diseinatzen ari gara", baina gogorarazi du B gidabaimeneko hiru urteko antzinatasuna dutenek 125 zentimetro kubikoko motor bat gidatzeko derrigorrezko ikastaro hau "dagoeneko ezarrita dagoela Frantzian eta Alemanian".
EITB Media
2024an, motor-gidariek kasko integral edo modular bat eta eskularru homologatu batzuk erabili beharko dituzte errepidetik zirkulatzen ari direnean. Gainera, hiru urteko antzinatasuna duten eta 125 zentimetro kubiko arteko motorrak gidatu nahi dituzten B baimeneko gidarientzat ere derrigorrezko ikastaro bat ezarriko du DGTk.
Hala iragarri du gaur Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, 2023ko istripuen balantzearen aurkezpenean. Bertan, Espainiako Estatuko motor-gidarien heriotzetan jarri du arreta, % 19 igo baitira urtebetean. 2022an 254 motozale hil ziren, baina 2023an 299ra igo da kopurua. Euskadin, aldiz, 2023an 11 motozale hil dira, azken urteetako kopururik txikiena (2022an 14 izan ziren eta 2021ean 17).
Marlaskak gogorarazi duenez, B gidabaimeneko hiru urteko antzinatasuna dutenek 125 zentimetro kubiko arteko motor bat gidatzeko derrigorrezko ikastaro hau "dagoeneko ezarrita dago Frantzian edo Alemanian".
"Ikastaro hori nolakoa izango den eta nola gauzatuko den diseinatzen ari gara. 125 zentimetro kubiko arteko motorra gidatzeko, ibilgailua eta gidatzeko era ezagutu behar dira aldez aurretik, ez du zerikusirik lau gurpileko ibilgailu batekin", azpimarratu du Barne Ministerioko arduradunak.
Puntuak berreskuratzeko ikastaro bereziak
DGTk, halaber, puntuak berreskuratzeko ikastaroen edukia eguneratuko du, puntu-saldoa galdu duten motorzaleentzako profil espezifiko bat sortzeko. Era berean, gidaritza seguru eta eraginkorrerako ikastaroak egingo dira.
"Bi gurpilekiko grina ulertzen dugunok ezin dugu onartu bizitza galdu dezakegunik. Hildako 299 motorzale zentzugabekeria hutsa da, onartezina", deitoratu du Marlaskak, eta motor-gidariei airbaga erabiltzea gomendatzen jarraituko dutela nabarmendu du.
Hildako motozalearen profila
2023an hildako motor-gidariaren profila 35 eta 64 urte bitarteko gizon batena da, gidabaimenean hamar urte baino gehiagoko antzinatasuna duena. Iaz, motorzaleen % 80 errepide arruntetan hil ziren, eta erdia baino gehiago asteburuetan.
Gainera, iaz hildako hiru motorzaletik bik zilindrada handiko motorrak gidatzen zituzten, eta istripua erdia errepidetik aterata gertatu ziren, "deskuidu edo gehiegizko abiaduragatik".