Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, emakume bat atxiki eta mehatxatzea leporatuta
28 urteko atxilotuari legez kanpoko atxikitzea eta labana batekin mehatxatzea egotzi diote.
AGENTZIAK | EITB Media
Gasteizko Udaltzaingoak 28 urteko gizon bat atxilotu du emakume bat labanarekin mehatxatu eta bere borondatearen kontra atxikitzea leporatuta. Antza denez, diru truke sexu-zerbitzuak eskaini zizkion emakumeak, eta gizona ez zen gustura gelditu emandako zerbitzuarekin.
Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, gizon batek eman zien abisua Txagorritxu auzoan zaintza-lanak egiten ari ziren agenteei ostiral goizaldean.
Lekukoaren testigantzaren arabera, atxilotutako gizonak emakume bat atxiki zuen logela batean, eta labana batekin mehatxu egin zion, "emandako sexu-zerbitzuarekin ados ez zegoelako".
Etxebizitzara sartu ziren agenteek, emakumea askatu ez ezik, ustezko erasotzailea atxilotu zuten. Biktima, berriz, ertzain-etxera eraman zuten.
Atxilotua ostiral honetan igaro da epailearen aurretik, legez kanpoko atxikitzea eta labana batekin mehatxu egitea egotzita.