Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Aita-semeak hilda topatu dituzte Bartzelonan eta indarkeria bikario kasu gisa ari dira ikertzen

Senar ohiaren eta semeen berri ez zuela eta, 7 eta 10 urteko bi mutikoen amak agintariak ohartarazi ditu astelehenean. Mossoek hilotz aurkitu dituzte hirurak, gas kirats handia zegoen etxebizitzaren barruan.

Mossoek etxebizitza ingurua hesitu dute. Argazkia: EFE
Mossoek etxebizitza ingurua hesitu dute.
Mossoek etxebizitza ingurua hesitu dute. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esquadra Mossoak indarkeria bikario kasu gisa ari dira ikertzen Horta-Guinardo barrutiko (Bartzelona) etxebizitza batean gizonezko baten eta 7 eta 10 urteko bi mutikoren heriotza. Lehen zantzuen arabera, gasa arnastuta hil dira hirurak astelehen honetan. Ikerketa abiatu berri dute, baina hipotesi nagusia da aitak bere burua eta bi semeak hil dituela amari min egiteko (indarkeria matxistaren mota bat da hori, indarkeria bikarioa). 

Kasuaren gertuko iturriek azaldu dutenez, emakumeak egin du ohartarazpena, senar ohiaren berri ez zuela eta. Gabonen ostean umeak entregatu behar zizkion gizonak, eta eskolara eraman. Ez bata ez bestea gertatu ez direnez, gizonaren etxebizitzara joan dira mossoak, suhiltzaileak eta Bartzelonako udaltzainak, eta bertan topatu dituzte hiru gorpuak. Etxebizitzari gas kiratsa zerion

Ikerketa abiatu baino ez dute egin, eta hipotesi guztiak mahai gainean dituzte agenteek. Dena dela, indarkeria bikario kasu bat dirudiela aurreratu dute. Jakinarazi dutenez, gizonak ez zituen emakumearen kontrako tratu txarren aurrekaririk (gogorarazi behar da hilketa matxisten % 80tan hala gertatzen dela). 

Aita-semeen gorpuak 21:40 aldera atera dituzte etxebizitzatik, eta Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman, autopsia egiteko. 

Mossoen polizia zientifikoak hartu du bere gain jazotakoa ikertzeko ardura. Bien bitartean, suhiltzaileek etxebizitzaren segurtasuna bermatzeko neurriak hartu dituzte (gas kontzentrazio handia zegoen). 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Indarkeria matxista Bartzelona Gizartea Sexu-abusuen biktimak gaur Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Umeak