Gizartea -
Suteak Kanarietan
Gomerako suteagatik atxiloturik egotea ukatu du Guardia Zibilak
Gobernuko ordezkariaren adierazpenak ukatu dituzte, zenbait atxiloru zeudela iragarri baitzuen atzo. Suteak 12 egun daramatza piztuta eta milaka hektarea erre ditu.
Erredakzioa
Guardia Zibilaren arabera, momentuz ez dute inor atxilotu La Gomerako sutearen ikerketaren ondorioz. Hala ere, zenbait pertsonari galdeketa egin diete Kanarietan azken egunetan izandako suteen harian.
Guardia Zibilaren adierazpenak Maria del Carmen Hernandez Bentok atzo esandakoa ezeztatzen du. Bentok adierazi zuenez, zenbait atxilotu zeuden ustez suteetan zerikusia izateagatik.
Gobernu ordezkariak ez zuen atxiloketen inguruko zehaztasunik eman, suteen ikerketak aurrera jarraitzen duelako.
Sutearen 12. eguna
Gomerako sutearen itzaltze-lanetan ari den lurreko taldeak gau osoa eman du lanean 12 eguneko sua kontrolpean hartu nahian.
Larrialdietako eta Segurtasunaren Koordinaziorako Zentroak iragarritakoaren arabera, sei ur-hegazkin eta sei helikoptero goizean goizetik ari dira lurreko eta lurrazpiko sua itzaltzeko lanetan.