Gizartea -
Pedofilia
Bizkaitar bat atxilotu dute haur-pornografia erabiltzeagatik
Guztira, 35 pertsona atxilotu eta inputatu dituzte. Gehienak ezkongabeak dira, 35 eta 60 urte bitartekoak, erabiltzailearen mailako informatika-ezagutzak dituzte eta "familia-giro normala".
Erredakzioa
Espainiako Poliziak 35 pertsona atxilotu edota inputatu ditu Estatu osoan azken hiruhilekoan Interneteko haur-pornografiaren kontra egindako operazioan. Atxilotuetako bat bizkaitarra da.
Ikerketa Poliziak haur-pornografia kasuak salatzeko duen helbidean jasotako informazioaren ondorioz hasi zuten (denuncias.pornografía.infantil@policia.es). Zenbait herritarrek eduki pedofiloak zituzten artxiboen berri eman zuten.
Poliziak "Litoral" operazioa martxan jarri zuen eta jasotako argazkiak eta bideoak erababili zituzten artxibo horiek partekatzen zituzten Interneteko erabiltzaileak harrapatzeko.
Ikerketen ondorioz, 35 pertsona inputatu dituzte azken hiruhilekoan, horietako bat bizkaitarra. Gainontzekoak Bartzelonan (20), Tarragonan (3), Ourensen (2), Madrilen (2), Lleidan, Geronan, Granadan, Tenerifen, Valentzian, Zaragozan eta Murtzian atxilotu dituzte.
25-60 urte arteko ezkongabeak
Atxilotutako gehienak ezkongabeak dira, 35 eta 60 urte bitartekoak, erabiltzailearen mailako informatika-ezagutzak dituzte eta "familia-giro normala", Poliziak zabaldutako informazioaren arabera.
Atxilotuen etxeetan egindako miaketetan 101 disko gogor, 2.719 sostengu optiko, 12 ordenagailu eramangarri, mahai-gaineko bost ordenagailu, memoriako lau txartel eta bideokamera bi atzeman dituzte. Guztietan haur-pornografiako artxiboak zeuden.