Gizartea -

Hezkuntza

Pedrosak nerabe eta gazteekin pornoaren erabilera "lasaitasunez" lantzeko eskatu du, alerta mezuak baztertuz

Debekua baino prebentzioa eraginkorragoa dela uste du Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak. Eduki pornografikoetarako sarbideaz Jaurlaritzak irakasleentzako antolatu duen lehen formakuntza-jardunaldietan, kezkatuta eta babesgabe mintzatu dira, bestalde, irakasleak.

Gazte bat mugikorrari begira. Artxiboko irudia: Pixabay
Gazte bat mugikorrari begira. Artxiboko irudia: Pixabay
Gazte bat mugikorrari begira. Artxiboko irudia: Pixabay

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak nerabeen eta gazteen artean pornografiaren erabilera "beldurrik gabe eta lasaitasunez" lantzeko eta "alerta-mezurik ez bidaltzeko" eskatu du eta azpimarratu du "debekua baino prebentzioa" eraginkorragoa dela. Halaber, gai honen tratamenduan inplikatzeko eskatu die familiei eta gizarteari berari, "guztioi dagokigulako".

Kezkatuta eta babesgabe mintzatu dira, berriz, irakasleak, Barakaldoko BECen astearte honetan eduki pornografikoetarako sarbideaz Jaurlaritzak irakasleentzako antolatu duen lehen formakuntza-jardunaldietan.

Formakuntza-jardunaldian parte hartu duten adituen iritziz, berriz, mugikorra debekatu baino eduki pornografikoetarako sarbidea kontrolatu beharko litzateke, eta, horrekin batera, sexu-heziketa indartu, matematiken pare.

Irekiera hitzaldian, Pedrosak aitortu du "kezka" dagoela gai honen gainean; izan ere, gazteak gero eta goizago sartzen dira pornoaren mundura, batez ere sare sozialen bidez. Testuinguru horretan, baina, gogoratu du, "sarbideak debekatzeaz ari garenean zertaz ari garen zehaztu" behar dela, horren aburuz, "prestakuntzarik gabe ezagutzarik ez" dagoelako eta heziketa beharrezkoa delako.

Era berean, arlo honetan "gure neska-mutilek, baina baita familiek ere, izan behar duten hezkuntza, sentsibilizazioa eta ezagutza" oso garrantzitsuak direla iritzi dio Hezkuntza sailburuordeak, eta hori "beldurrik gabe baina lasaitasunez, jardunbide egokiekin, elkarrekintza eta komunikazio handiarekin" landu behar dela.

Pedrosaren ustez, "hezkuntza afektiboaren edo sexualaren arloko sentsibilizazioak bere lekua izatea merezi du" ikastetxeetan, eta "curriculum osoan, baita haur-hezkuntzan ere, presente egon behar duen gaia dela, gaia bera "transbertsala" baita.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoa Araba EAE gaur Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Hezkuntza Umeak azken ordukoa