Gizartea -

INKESTA

Gazteek baikorrago begiratzen diote etorkizunari

Halere, ia erdiek uste dute urtebeteko epean ez dela beteko emantzipatzeko duten asmoa. Eusko Jaurlaritzaren "Aurrera Begira 2023" inkestaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur, eta adierazle gehienen arabera, itxaropentsuago begiratzen diote etorkizunari gazteek.

Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken urteotako joera, poliki bada ere, aldatzen ari dela dirudi, eta etorkizunean argitasun printzak ikusten hasi dira Euskal Autonomia Erkidegoko gazteak. Oro har, egun duten egoeraren balorazio positiboa egiten dute eta urte honetan lan bat aurkitzeko itxaropena dute.  Eusko Jaurlaritzaren Gazteen Euskal Behatokiak iaz egindako "Aurrera Begira 2023" inkestak utzi dituen ondorio nagusietako batzuk dira. Gazteen egoerari eta etorkizuneko aurreikuspenei buruzko azterlan horretan, landutako hamar adierazletatik bederatzitan bilakaerak hobera egin du.

Pandemiak eragindako ezkortasunaren marrak beheranzko joera hartu duela dio galdeketak. Etorkizunean gazteek duten konfiantzaren indizeak 2022an utzi zuen azken hamarkadako daturik okerrena, eta urtebete geroago, badirudi beste bat dela ikuskera: % 58k badute geroan itxaropena. Egoera pertsonalari eta orokorrean gazteen egoerari buruz galdetuta, poztasun maila % 71koa da, iaz baino puntu bat gehiago, eta egungo egoeraz duten iritziak ere hiru puntu egin du gora, % 65eraino.

Halere, badira oraindik ezkor egoteko arrazoiak. Gazteen ia erdiek, % 43k (% 2 gutxiago), uste dute urtebeteko epean ez dela beteko emantzipatzeko duten asmoa. Derrigorrez emigratu beharra aurreikusten dutenen kopurua ere zertxobait jaitsi da, % 9ra. Duela hamar urte % 16 ziren uste hori zutenak.

Lan-munduari dagokionez, nabarmen gutxiago dira lana galtzeko edota lan-baldintzak okertzeko arriskua ikusten duten gazteak. Gainera, lanik gabe dauden gazteen % 72k urte honetan lana aurkituko dutela uste dute, eta ikasleen % 80k, berriz, bere ikasketekin zerikusia duen enplegua izateko itxaropena du horiek amaitzen dituenean.

Duela hamar urte hasi zen Eusko Jaurlaritza gazteen egoerari buruzko galdeketa hau egiten.  Gaur aurkeztu duten txostena egiteko inkesta iazko abenduan egin zuten, 16 eta 29 urte arteko EAEko 6.737 gazte online bidez elkarrizketatuta. Bilbon egin duten agerraldian aletu dute txostena Jonan Fernandezek eta Miren Saratxagak, Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030erako Agendaren idazkari nagusiak eta Gazteriaren zuzendariak, hurrenez hurren.

Fernandezek nabarmendu du "2023an joera aldatzen hasi" zela, eta "gazteen aldartea hobea" dela orain. "Pandemiak eragindako ezkortasuna atzean uzten ari gara", zehaztu du.

Aurkezpenean, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gazteen okupazioari buruz emandako datuak ere azaldu dituzte. 2023ko laugarren hiruhilekoko Biztanleria Jardueraren Arabera Sailkatzeko Inkestaren arabera, Euskadiko gazteen langabezia-tasa % 10,8koa da ( % 5 gutxiago) eta okupazio-tasa % 44,5ekoa da ( % 3,4 gutxiago).

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Lana Gizartea Eguneko albisteak Albisteak