Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Ertzain bat isuna ordaintzera zigortu dute, indarkeria matxistaren biktima bati sexu-erasoa egiteagatik

Zigorra akordio baten emaitza da; izan ere, inputatuak epaiketa baino lehen aitortu du gertatutakoa, eta biktimari kalte-ordaina ematea onartu du. Horren ostean, Fiskaltzak onartu egin du eragindako kaltea konpontzeko aringarria aplikatzea.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzain bati 2.190 euroko isuna ezarri diote, indarkeria matxistaren biktima bati sexu-erasoa egiteagatik. Biktima horren etxera joan zen, emakumea ertzain-etxera joan eta biharamunean, "babes-agindu batez" hitz egiteko aitzakiarekin.

Auziko iturriek EFEri jakinarazi diotenez, zigorra akordio baten emaitza da; izan ere, epaiketa egin baino lehen, inputatuak aitortu egin du gertatutakoa, eta onartu egin du biktimari kalte-ordaina ematea. Horren ostean, Fiskaltzak onartu egin du egindako kaltea konpontzeko aringarria aplikatzea.

Ministerio Publikoaren akusazioaren arabera, gertakariak 2021eko apirilean jazo ziren, ertzainak biktimari deklarazioa hartu ostean.

Dirudienez, "bere ogibidearen funtzioak aprobetxatuz", biharamun goizean, agentea biktimaren etxera joan zen, Gipuzkoako herri batera, "agiri batzuk eramateko aitzakiarekin".

Ertzaina zenez, biktimak etxean sartzen utzi zion, eta barruan, "sexu-desioa asetzeko asmoz", besarkatu eta ukituak egin zizkion.

Emakumeak alde egiteko eskatu zion "behin eta berriro", eta erasotzaileak "eraso egiten jarraitu zuen", baina "azkenean, neskaren ezezkoaren aurrean", alde egin zuen.

Fiskaltzaren esanetan, gertakari horien ondorioz, areagotu egin da biktimak pairatzen zuen "antsietatea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Gipuzkoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Eraso sexualak gaur