Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Zinemagileek ez isiltzeko deia egin dute Feroz sarien alfonbra gorrian, Vermuten ustezko sexu-erasoen harira
Ikus-entzunezkoen sektoreko hiru emakumek salatu dute zinemagile espainiarraren "sexu-indarkeriaren" biktima izan direla.
agentziak | eitb media
Espainiako zinema sektoreko langileek "babesa" helarazi diete Carlos Vermut zinemagilearen ustezko sexu-erasoen biktimei Feroz sarien alfonbra gorrian, prentsak horien berri eman eta ordu gutxira.
Carlos Vermuten aurkako akusazioak izan dira, hain zuzen ere, Feroz sarien 11. edizioko alfonbra gorrian hizpide nagusia.
"Ongi iruditzen zait horri buruz hitz egiteari atea irekitzea. Ez da isilik egon behar horren aurrean. Ez da isildu behar beldurragatik", adierazi du Berto Romero aktore eta aurkezleak.
Isabel Coixet zuzendariak azpimarratu du ikus-entzunezkoen egoera onaren arrazoietako bat dela "gauzei aurrez aurre begiratzea". "Inork ez du biktima estatusa eduki nahi, kaka hutsa da. Pertsona batek biktima dela esaten duenean, biktima bihurtzen da, eta zaurgarritasuna areagotzen da. Azalpen asko eman behar dira, eta inork ez du halakorik nahi", esan du.
Maria Botto aktoreak txalotu egin du "#metoo" Espainiara iritsi izana, "gauzak aldatzen" ari direla erakusten duelako. "Ez da sexu-indarkeria soilik, botere gehiegikeria erabiltzen duen pertsona batez ari gara. Gauzak aldatzen ari dira aspalditik", berretsi du.
Luisa Gavasa aktoreak, bere aldetik, ikerketak aurrera egitea espero duela esan du, eta biktimen "ausardia" txalotu du.
Horren harira, Maria Zamora ekoizleak eskerrak eman dizkie biktimei "ahotsa altxatzeagatik", horrek beste batzuei lagun diezaikeelako "pausoa ematen". "Kasu honen larritasunaz jabetu behar gara, eta beste batzuk ere, hain larriak izan gabe, ez dira ezkutatu behar. Gure gizartean eta gure industrian dauden joera txiki baina oso adierazgarri horiez jabetu behar gara", aldarrikatu du.
Vermuten errugabetasun presuntzioa babestu duenik ere izan da, tartean Aitana Sanchez-Gijon. "Beti ezkutuan" egon diren gertakariak azaleratzeko "une egokia" dela adierazi arren, lintxamendu publikoek "asaldatu" egiten dutela esan du.
Malena Alteriok ere iritzia aurrerago emateko eta sortu den "mugimendu lainoa gelditzeko" eskatu du: "Denborak esango du zer izan den eta epaitu behar den ala ez".
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak elkartasuna agertu die indarkeria matxistaren biktimei alfonbra gorria zeharkatu duenean. "Zineman, kirolean, zuzenbidean nahiz garbiketan, indarkeria matxista eten egin behar da, eta Espainiako Gobernuaren konpromiso guztia dago horretarako", erantzun du gaiaren inguruan galdetuta.
Ernest Urtasun Kultura ministro espainiarrak, bere aldetik, emakumeen lekukotzak azpimarratu ditu eta erabakietan haien aldamenean egotea garrantzitsua dela esan du.
Ikus-entzunezkoen sektoreko hiru emakumek salatu dute Carlos Vermut zinemagile espainiarraren sexu-erasoen biktima izan direla, El Pais egunkariak atzo zabaldutako informazioaren arabera. Vermutek Donostiako Zinemaldiaren Urrezko Maskorra eskuratu zuen Magical Girl lanarekin 2014an.