Gizartea -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Apirilaren 21eko hauteskundeak, Valentziako sutea eta elurragatik abisua
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko otsailak 23, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Apirilaren 21eko hauteskundeak: Lehendakariak apirilaren 21erako deitu ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Agur kutsua izan duen hitzaldian, lehendakariak eskerrak eman dizkio gizarteari, eta barkamena eskatu du egindako akatsengatik. Agintariak hiru ideiatan laburbildu ditu 12 urteko agintaldiaren "mugarri nagusiak": enplegua, hobekuntza, eta errespetua, kohesioa eta bizikidetza. Orain, hauteskunde-egutegiaren atzera kontaketa abian da; apirilaren 5ean hasiko da kanpaina.
- Sutea Valentzian: Gutxienez lau pertsona hil dira, 19 desagertuta daude eta 14 zauritu ostegun arratsaldean Valentzian, Campanar auzoan, izandako sute batean. Sua 14 altuerako eraikin bateko bosgarren solairuan piztu zen, eta ordu erdi pasatxoan zabaldu zen eraikin osora eta alboko beste batera. Egituretako espezialistek diotenez, fatxadak poliuretanoa zuen, oso suharbera den materiala. Haize biziaren eraginez, 50 eta 60 km/h-ko boladekin, are bizkorrago zabaldu zen sua.
- Elur eta olatuengatik abisuak: Louis borraska bete-betean sartu da Euskal Herrian. Euskal kostaldea alerta laranjan egongo da ostiral eta larunbat honetan, 5 metrorainoko olatuengatik. Gainera, EAEko barnealdean abisu horia egongo da elurragatik. 42 urteko zumaiar baten gorpua aurkitu dute bart Getariako uretan, Guardia Zibilaren arabera, borraskaren biktima izan da.