Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Ustez bere bikotekidea Madrilen hil ostean, Frantziara egin du ihes
Azidoa edaten buruaz beste egiten saiatzen ari zela atxilotu dute ustezko hiltzailea. Tratu txarrak jasaten ari diren emakumeei arreta eskaintzeko telefonoa: 016.
Erredakzioa
Gizon batek ustez, Collado Villalban, Madrilen zuten etxebizitzan, bere bikotekidea hil zuen aurreko asteburan. Ondoren, Frantziara egin zuen ihes, eta buruaz beste egiten saiatzen ari zenean atxilotu zuen poliziak.
32 urte zituen emakumeak eta bulgariarra zen, ezbeharra ikertzen ari diren iturrien arabera. Ikerketak ezagutzera eman duenez, ustezko hiltzaileak 41 urte ditu eta hamar urte zeramatzan biktimarekin irteten. Neska erahil ostean, Frantziara joan zen; bertan mozkor zegoela, hilketa aitortu zuen eta azidoarekin buruaz beste egiten saiatu zen.
Guardia Zibilak abuztuaren 18an jaso zuen deia. Bulgariako agintariek deitu zieten, Madrilgo etxebizitza horretan gizahilketa bat gertatu litekeela esateko.
Agenteak etxebizitzara bertaratu zirenean Neriman H.K.-ren gorpua aurkitu zuten ohe baten azpian. Dirudienez, lanpara baten kablearekin itota hil zuten. Biktimak 12 urteko alaba bat zuen eta dibortziatua zegoen. Hilketaren ostean, ustezko hiltzaileak Montereau Fault Yonne (Frantzia) herrira ihes egin zuen. Bertan kaletik zebilen pertsona batek Espainian bere bikotekidea hil zuela esaten entzun zion. Ustezko hiltzailea mozkor zegoen eta buruaz beste egingo zuela esaten zuen. Pertsona horrek deitu zion poliziari. Aurretik ez dago salaketarik ustezko erasotzailearen eta biktimaren artean, eta gizonak ez du aurrekari polizialik.