Gizartea -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Donostiatik Loiura, merkeago gaurtik, Korrika Gasteizen eta Errusiako hauteskundeak
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko martxoaren 18an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Donostiatik Loiura, merkeago gaurtik: Gipuzkoatik Bilboko Aireportura doazen Lurraldebuseko autobusetan Mugi txartela erabili ahal izango da, gaurtik. Aireporturako zerbitzua Mugi sisteman sartu ondoren, Donostiatik aireportura bidaiatzen duen pertsona batek 3,35 euro ordainduko ditu Mugi txartel pertsonalizatuarekin, 4,39 euro Mugi anonimoarekin, eta 12,90 euro Mugirik gabe, orain arteko 17 euroen aldean.
- Korrika Gasteizen: Nafarroa atzean utzita, Korrika Arabako lurretan da. Lizarratik barrena sartu da euskaren aldeko lasterketa Kanpezun. Abetxukotik iritsiko da Gasteizera, 19:30ak aldera; Alde Zaharrean, 21:00ak aldera hartuko dute Korrika. EITB Mediako hedabideek Korrikaren jarraipena egingo dute eta eitb.eus-ek zuzenean emango ditu lasterketaren irudiak, streaming bidez 24 orduz.
- Errusiako hauteskundeen emaitzak: Errusiako presidente Vladimir Putinek agintean jarraituko du 2030era arte, botoen % 87,32 lortuta. 2000. urtean estreinakoz presidente hautatu zutenetik orain arteko garaipenik zabalena lortu du Putinek, Ukrainako gerra eta mendebaldeko herrialdeen zigor ekonomikoak gorabehera. Hurrengo agintaldia bukatutakoan, berriro aurkeztu ahalko da bozetara, 2020an Konstituzioaren klausulak berritu baitzituen.