Gizartea -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Abisu horia elurragatik, Gazako gerra, eta Gasteizko Mercedes lantegia handitzeko lanak
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko martxoaren 26an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Abisu horia elurragatik: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du elurragatik 09:00ak arte, elur-kota 600 edo 800 metrora jaistea espero baita, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoaren ekialdean. Hala ere, kota igo egingo da goizean, eta 1.000 metro inguruan kokatuko da egunaren bigarren partean. Halaber, Nafarroako Pirinioak abisu horian egongo dira elurragatik 12:59ak arte, eta, noizean behin, elurra egin dezake Nafarroako erdigunean, 600 metrotik gora.
- Gazako gerra: NBEko Segurtasun Kontseiluak Gazan su-etena eskatzen duen ebazpena onartu du astelehen honetan, lehen aldiz eta aurretik huts egindako lau saiakeren ondoren. Izan ere, Israelen etengabeko erasoek 32.300 pertsona hil dituzte sei hilabete baino gutxiagoan. Halaber, Francesca Albanese Nazio Batuen Erakundeko Palestinako lurralde okupatuari buruzko kontalari bereziak azken orduetan aurkeztutako txostenaren arabera, Israel palestinarren aurka "genozidioa" egiten ari dela pentsatzeko froga nahikoa daude.
- Mercedes Benz: Gasteizko Mercedesen gaur aurkeztuko dituzte lantegia handitzeko lanak, furgoneta elektriko berria ekoiztu ahal izateko. Lanak duela hilabete batzuk hasi baziren ere, ofizialki gaur inauguratuko dituzte. Mercedes Benzeko goi kargudunez gain, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea bertan izango dira.