Gizartea -
USTEZKO BAHIKETA
Holandak bi F-16 bidali ditu, hegazkin bat bahituta zegoelakoan
Poliziak eta Vueling konpainiak ukatu egin dute bahiketa egon izana, eta Amsterdameko aireportuko kontrol-dorrearekin gaizki-ulertua egon dela esan dute.
Erredakzioa
Vuelingeko bozeramaile batek guztiz ezeztatu du konpainia horretako hegazkin bat (Malagatik Amsterdamerako bidaia egiten zuen hegazkina) bahitu dutela, eta Holandako aireportu horretako kontrol-dorrearekin gaizki-ulertua egon dela gaineratu du. Gaizki-ulertu hori dela eta, bi gerra-hegazkinek eskoltatu dute hegazkina.
Iturri horren arabera, hegazkina Amsterdameko aireportuan lurreratzeko maniobra egiten ari zenean, kontrol-dorrearekin “komunikazio arazo bat” sortu da, eta “hegazkinaren eta dorrearen arteko komunikazioak tarteka huts egin du”. Hori dela eta, kontrol-dorreak segurtasun arazo bat zegoela interpretatu du, eta kasu horietarako protokoloa aktibatu du, Vuelingeko bozeramaileak azaldu duenez. Holandako Poliziak ere baieztatu du hegaldi horretan bahiketarik ez dela egon, eta, aire-konpainia espainolak esan bezala, kabinarekin gaizki-ulertu bat egon dela aitortu du.
Bi ehiza-hegazkinek lagundutako hegazkinean guztira 183 bidaiari zihoazen. Amsterdameko Defentsa Ministerioaren arabera, Holandako agintariek bi F-16 bidali dituzte pilotuarekin kontaktua galdu ondoren, protokoloak hala agintzen baitu.
Hegazkina Schiphol-eko nazioarteko aireportuan lurreratu da, bertan, larrialdietarako dispositibo berezia prestatuta zegoela.