Gizartea -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Gabarraren irteera, posta bidez bozkatzeko epea, eta hauteskunde eztabaidaren biharamuna
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko apirilaren 11n, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Gabarraren irteera: Dena prest dago Bilbon eta Bizkaian, Ibaizabal ibaian gora gabarra ikusteko eta Athleticek joan den larunbatean Sevillan irabazitako Errege Kopa ospatzeko. Klub zuri-gorriaren garaipenen ikurra da ontzia, eta Bilboko itsasadarrean barrena ibiliko da berriz, 40 urte eta gero. EiTBk, ETB1 eta ETB2ren eta eitb.eus-en bidez, zuzenean emango du, 15:45etik aurrera. Gabarra 16:30ean irtengo Abrako Itsas Klubaren pantalanetik (Getxo) eta 18:35ak aldera iritsi da Bilboko udaletxearen parera. Jokalariak ontzitik irten eta autobusez joango dira udaletxera, 19:00etan hasiko baita bertan harrera. Ondoren, 19:30ak aldera, berriro autobusa hartu eta Bizkaiko Foru Aldundira joango dira, 20:00etan hasiko den harreran parte hartzeko.
- Posta bidez bozkatzea eskatzeko azken eguna: Gaur amaituko da posta bidezko botoa eskatzeko epea, eta apirilaren 18ra arte eman ahal izango da. Correosek 100 bulego irekiko ditu datorren larunbatean Euskal Autonomia Erkidegoan, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako posta bidezko botoa errazago kudeatzeko. Bulego horiek 10:30etik 14:00etara artatuko dituzte herritarrak.
- Hauteskunde eztabaidaren biharamuna: Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztuko diren alderdietako hautagaien arteko lehen eztabaida egin dute bart EiTBn. Hortaz, erreakzio eta analisi eguna izango da gaurkoa. Alderdi bakoitzetik parte hartu duten hautagaiak hauek izan dira: Imanol Pradales (EAJ), Pello Otxandiano (EH Bildu), Eneko Andueza (PSE-EE), Laura Garrido (PP), Miren Gorrotxategi (Elkarrekin Podemos), eta Andeka Larrea (Sumar).