Gizartea -
Erasoa
Bikote bati labankadaz eraso egin diote eta larri dago, Bakion
Erasoa Bakioko San Pelaio auzoan gertatu da. 18 urteko neska larri dago eta bikotekideak ere zauriak ditu. Ertzaintza erasotzailearen bila ari da.
Erredakzioa
18 urteko neska gazte bat oso larri dago eta 17 urteko bikotekideak ere zauriak ditu, goizaldean labankada bat jaso ostean, Bakion (Bizkaia), Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.
04:30etan gertatu da erasoa, bat-batean gizonezko batek bikoteari eraso egin dionean Bakio eta Bermeo batzen dituen errepidetik zihoazela.
Erasotzaileak arma zuri batez eraso egin eta ondoren, ihes egin du.
Neska oso larri dago eta Gurutzetako ospitalera eraman dute, Barakaldora. Mutilak ere zauriak ditu, baina ez dago hain larri eta Basurtuko ospitalera eraman dute.
Bakioko San Pelaio auzoan gertatu da erasoa, bertako ur-araztegiaren parean.
Bakioko Udalak erasoa gaitzetsi du ohar baten bitartez eta bi biktimen senitartekoei elkartasuna adierazi die.
Ertzaintza gertatutakoa ikertzen eta erasotzailea bilatzen ari da.