Gizartea -
2012-2013 ikasturtea
AEK-k 'Euskara bizia' matrikulazio kanpaina jarri du martxan
Erakundeei eta administrazioei "euskara eta helduen euskalduntzea aintzat hartzea" eta laguntzarik ez murriztea eskatu diete.
Erredakzioa
AEKren Artezkaritza Kontseiluak "Euskara bizia" izenburuarekin 2012-2013 ikasturterako prestatutako matrikulazio kanpaina aurkeztu du gaur Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan.
Aurkezpenean, erakunde eta administrazioei "beraiena egitea" eskatu diete AEK-ko arduradunek, hau da, "euskal herritarren nahiak eta beharrak entzun eta euskara eta helduen euskalduntzea aintzat hartzea, euskaltegiok eta euskara ikasleak garai gogor hauetan lagunduz, ez laguntzak murriztuz".
Matrikulazio kanpainaren aurkezpen ekitaldian egon dira AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak diren Asier Amondo, Helios del Santo, Oskar Elizburu, Iñaki Urkijo, eta Jakes Bortairu, AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugika, eta, aurkezpen lanetan, aurtengo irudiaren protagonista, Ana Castro, AEKko kide eta euskara irakasle barakaldarra.
"Euskara bizia" da ikasturte berriko AEKren matrikulazio kanpainako leloa, "bizi-bizi gatozelako horixe bera eskaintzera: euskara bizia ikasi eta lantzeko aukerarik onena". Eskolak euskaltegian, on line ikastaroak, barnetegiak, taldeentzako ikastaroak, titulu homologatuak, mintzapraktikarako taldeak eta edonoren beharrei egokituriko eskaintza egingo du AEK-k.
Korrika 18
Bestalde, AEK-ko arduradunek gogoratu dute ikasturte berrian 18. Korrika egingo dela. "Seguru gaude beti bezain arrakastatsua izango dela eta Euskal Herriko jendartean euskara ikasteko eta erabiltzeko borondatea, funtsean euskaraz bizitzeko nahia erakutsiko duela, beste behin", ziurtatu dute.