Gizartea -
Eskubide sozialak
Hainbat kolektibok "bidezko alternatiba sozial bat" garatzeko eskatu dute Iruñean eta Bilbon
Errealitateak langileriari beste irtenbiderik ematen ez diola iritzita, egungo eredu sozioekonomikoa salatu dute antolatzaileek "krisi ekologiko eta sozialari aurre egin ezin diolako" eta "ez duelako bizitza duin bat bermatzen". Hori dela eta, egiturazko aldaketen aldeko apustua egin dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ehunka lagun batu dira larunbat goizean Iruñean, Euskal Herriko Giza Eskubideen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialistak deitutako manifestazioan. Guztira, 60 gizarte eragilek babestu dute mobilizazioa, "bidezko alternatiba sozial bat" aldarrikatzeko.
Nafarroako hiriburuko manifestazioan, Palestinako egungo egoera izan dute gogoan manifestariek, eta genozidiotzat jo dute han gertatzen ari dena.
Gazteluko plazatik atera eta hantxe bertan amaitu da manifestazioa, Palestinako bandera bat eta "Bizitza duin baten alde. Alternatiba sozial justua" leloa zeukan pankarta aurretik zituela.
Gainera, beste hainbat lelo zabaldu dituzte manifestariek: "1.080 euroko gutxieneko pentsioa" (Pentsiodunen Mugimendua); "Aurrekontu militarrik ez" (Talde Antimilitarista) eta "Herriak bizirik, AHT Ez!" (AHT Gelditu kolektiboa).
Protesta bukatu denean, manifestu bat irakurri dute gaur egungo egoerak "krisi ekologikoa areagotzen" duela salatzeko. "Larrialdi klimatikoa agerikoa da, prekarietatea lan baldintzetara eta bizitzara zabaldu da, prezioek gora egin eta elikadura osasungarrirako eskubidea urratu dute. Bestalde, zerbitzu publikoak suntsitzen ari dira", salatu dute.
Bilbon ere manifestazioa egin dute
Bilbon ere, ehunka pertsona bildu dira, "bidezko trantsizio ekosozial bat" eta egiturazko aldaketak aldarrikatzeko, "bizitza duinak" bermatze aldera.
17:00etan hasi dute protesta ekitaldia Jesusen Bihotza plazan, eta udaletxe aurrean bukatu.
Errealitateak langileriari beste irtenbiderik ematen ez diola iritzita, egungo eredu sozioekonomikoa salatu dute antolatzaileek "krisi ekologiko eta sozialari aurre egin ezin diolako" eta "ez duelako bizitza duin bat bermatzen". Hori dela eta, egiturazko aldaketen aldeko apustua egin dute.