Gizartea -
Aholkuak
Insomnioa sendatu al daiteke?
Eguneroko tentsioa da kasu gehienetan insomnioaren arrazoi nagusia. Gainera, hormonen kopurua dela eta, emakumezkotan gehiago ematen da gaixotasuna gizonezkotan baino.
Erredakzioa
Eguneroko tentsioa da kasu gehienetan, % 80tan zehazki, beste arazorik ez duten lagunen insomnioaren arrazoia, Eduard Estivilek aurkeztu berri duen Que no te quiten el sueño (Ez diezazutela loa galarazi) liburuaren arabera.
Bere iritziz, "gaizki lo egitea zerbait gertatzen den isla da, sukarrarekin gertatzen den bezala". 40 arrazoi ezberdin baino gehiago daude pertsona batek lo gaizki egiteko, eta aditu honen arabera, arazo psikologikoak eta tiroide arazoak egon daitezke atzetik. Lo azkar hartu, baina, bi ordura esnatu eta berriro lo hartu ezinik egoten diren pertsonen kasua izaten da batk bat.
Estivilen arabera, lan gehiegi egitea, prekarietatea, lankideekin arazoak edukitzea edo ezetzak emateko gaitasun eza dira gauetan lo hartu ezinaren arrazoi nagusiak.
Emozioek ere eragina izan dezaketela ohartarazi du, eta ildo honetan, "haurrak Errege gauean izaten duten urduritasunekin" alderatu du.
Gizakiak energia berreskuratzeko behar dituen orduen inguruan, umeek 11 edo 12 ordu behar dituztela esan du, 8,5 edo 9,5 nerabeek eta 7 edo 8 ordu helduek.
Halaber, ohera sartu baino lehen, garunak ordu bete edo bi orduko deskonexioa behar duela azaldu du eta "erritu bat jarraitzeko beharraz" ohartarazi du. Besteak beste, sare sozialak deskonektatu, gailu teknologikoak eta mugikorrak itzali eta lana ahaztu.
Loa errazten duten elikagaien inguruan, pasta, entsaladak eta esnekiak aipatu ditu adituak, betiere ohera sartu baino bi ordu lehenago. Gainera, bainu bat edo infusioren bat hartzea ere gomendagarria dela esan du.
Azkenik, hormona kopurua dela eta, insomnioa emakumezkotan gizonezkotan baino ohikoagoa dela adierazi du.