Gizartea -
Reala-PSG
Segurtasun sailburuak gutuna bidali dio Ertzaintzaren karga batean Donostian larri zauritu zen emakumeari
Bingen Zupiria Segurtasun sailburu berriak atsekabea agertu dio Amaia Zabarte biktimari bidalitako gutun batean. Familiak, aldiz, eskutitzak "izotza bezain hotz" utzi dituela erantzun du.
EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu berriak atsekabea eta elkartasuna adierazi dio pasa den martxoan Ertzaintzaren karga batean, Donostian, larri zauritu zen emakume realzaleari.
Halaber, Ertzaintzaren kontrol eta gardentasun batzordea martxoaren 5ean Reale Arena kanpoaldean gertaturikoa ikertzen ari dela jakinarazi dio Amaia Zabarte biktimari, uztailaren 1ean bidalitako gutunean.
Horrez gain, behar duenerako prestutasuna eskaini dio, eta gertaturikoa lehenbailehen argitzeko itxaropena agertu du.
Halaber, Amaia Zabarteren senarrak X sare sozialean (antzina Twitter) erantzun dio sailburuari eta jakinarazi dio eskutitzak "izotza bezain hotz" utzi dituela. "Ezin diguzu esan Ertzaintzarengan konfiantza duzula eta beti protokolen arabera jokatzen dutela... Ez al duzu ikusi nola jo duten nire emaztea?", gehitu du.
Bere hitzetan, "gogorra da, gertatu zena ez onartzeko, malabareak egiten nola ari diren" ikustea.
Martxoaren 5ean Realak eta PSGk jokatu zuten Txapeldunen Ligako partidaren atarian izandako istiluetan, ustez, Ertzaintzak botatako jaurtigai baten ondorioz larri zauritu zen emakumea. Kolpe handia jaso zuen buruan, belarriaren parean eta 30 metro inguruko distantziatik.
Gertaturikoaren ondoren, emakumeak salaketa jarri zuen, baina kasuko epaileak artxibatu egin zuen tiroaren egilea ezezaguna dela argudiatuta.
Aipaturiko gutunean Zupiriak ez du Ertzaintzak egun hartaz izandako jokabideaz baloraziorik egin, baina ziurtzat jo du ezarritako prozeduren arabera jokatu zutela eta pertsonen segurtasuna lehenetsi zutela beste edozein egoeren aurrean.