Gizartea -
Istripua Barakaldon
Kamioiaren gidariak positibo eman du alkohol eta droga kontroletan
Gizonezkoak (32 urtekoa eta Barakaldoko bizilaguna) ihes egin zuen istripua izan zuen lekutik, baina etxean atzeman dute.
Erredakzioa
Bart Barakaldon nitrogeno likidoa zeramala istripua izan zuen kamioiaren gidariak positibo eman du alkohol eta droga kontroletan, Udaletik jakinarazi dutenez.
Gizonari (32 urtekoa eta Barakaldoko bizilaguna) bide segurtasunaren kontrako delitu bat inputatu diote.
Istripua 22:00etan jazo zen, eta, ondorioz, A-8 autobidetik Barakaldon sartzeko sarbidea itxita izan da 09:00ak arte.
Nitrogeno bidoietako bat lehertu egin zen, eta sute txikia piztu zen. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 500 metroko segurtasun-eremua ezarri zuten, eta auzokideei etxetik ez ateratzeko eta leihoak eta ateak ixteko agindu zieten.
Istripua jazo eta gero, gidaria desagertu egin zen, azalpenik eman gabe, baina gaur goizean atzeman dute, etxean. Bertan, alkohol eta droga kontrolak egin dizkiote, eta positibo eman du bietan.
Hain zuzen ere, bi alkohol proba egin ditu, positiboak biak (0,63 eta 0,60 miligramo alkohol zituen arnastutako aire litro bakoitzeko). Droga kontrolean ere positibo eman du, bai THC proban (kalamua, marihuana...) bai AMP proban (droga sintetikoak).
Udaltzaingoak galdekatu egin du, eta gizonezkoak aitortu egin du drogak kontsumitu zituela.
Kamioia gaur goizean kendu dute errepidetik, garabiekin, nitrogeno botilak hustu eta gero.
Antza denez, ibilgailua Praxair-Oxinorte enpresak Lutxanan duen lantegira zihoan, Arrontegitik, baina ez zen Barakaldoko erdigunean sartu.
Errepidea itxita izan da hainbat ordutan istripua izan den lekuan, baina, bidegurutzean, zirkulazioa ibilgailuak txandaka pasarazten bideratzen ari da Polizia.