Gizartea -
ERASOA
Espetxera bidali dute kristalezko botila batekin ertzain bat besoan zauritu zuen gizona
Erasoa asteazkenean jazo zen, Gasteizko Arriagako atea kalean. 27 urteko erasotzaileak polizia-aurrekariak ditu, eta epaileak espetxera bidaltzeko agindua eman du gaur, ostirala.
EITB MEDIA
Epaileak espetxera bidali du asteazkenean Gasteizen kristalezko botila batekin ertzain bat besoan zauritu zuen gizona, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ostiral honetan jakitera eman duenez.
Erasoa 11:20 aldera jazo zen, Arriagako atea kalean. Ertzainei mespretxuz hitz egiteagatik identifikatu nahi zuten, eta modu bortitzean jokatzen hasi zen orduan.
Orduan, kristalezko botila hautsi batekin eraso zion ertzain bati, eta ihesi abiatu zen Alde Zaharrerantz. Han aurkitu zuen Ertzaintzak, teilatu batera igota.
Agenteari ebaki sakona egin zion besoan, eta osasun zentro batera eraman behar izan zuten. Ebakuntza egin behar izan diote.
27 urteko erasotzaileak polizia-aurrekariak ditu, eta epaileak espetxera bidaltzeko agindua eman du gaur, ostirala.
Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak gaitzetsi egin du ertzainak jasotako erasoa. Ohar baten bidez, herritarren segurtasuna bermatzeko egunez egun lan egiten duten ertzainen aurkako eraso guztiak gaitzetsi zituen asteazkenean. Halaber, Zupiriak bere elkartasuna adierazi zion zaurituari, eta lehenbailehen sendatzea opa zion.