Gizartea -
Epai irmoa
15 urteko kartzelaldia, Usurbilen bi gizon hiltzen saiatzea egotzita
Bi hilketa saiakera egitea eta lesioak eragitea egotzi dio Gipuzkoako Auzitegiko epaileak. Gainera, ia 23.000 euro ordaindu beharko ditu kalte-ordain gisa.
Erredakzioa
Hamabost urteko kartzela zigorra ezarri dio Gipuzkoako Auzitegiak gizon bati, mozkorturik zegoela bi gizon hiltzen saiatzeagatik Usurbilen. Biktimek uko egin zioten erasotzailearekin hitz egiteari, eta, ondoren, eraso egin zien biei.
Gipuzkoako Auzitegiko Augusto Maeso magistratuak bi hilketa saiakera egitea eta lesioak eragitea egotzi dizkio, eta, ondorioz, 15 urteko kartzela zigorra eta 60 euroko isuna ezarri dizkio. Gainera, 22.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio labankada jaso zuen gizonetako bati, bigarrenak uko egin baitio kalte-ordaina jasotzeari.
2010eko otsailaren 13an, Usurbilgo Bordatxo tabernan hasi zen guztia. Ebazpenean irakur daitekeenez, epaitua hainbat alditan gerturatu zen biktimengana “hitz egiteko eta taldean sartzeko asmoarekin”, baina “ez zuten taldean onartu” eta “bakean uzteko eskatu zioten”. Erasotzaileak “aurpegia txikituko ziola” ohartarazi zion gizonetako bati, eta, horren aurrean, tabernako jabeak “istilurik ez sortzeko” eskatu zion.
Liskarra saihestearren, bi gizonak tabernatik atera eta alboko tabernara sartu ziren. Gizona biktimen atzetik joan zen, ordea, eta horiengana gerturatzen eta nekarazten jarraitu zuen. Erasotzaileak gizonetako bat iraindu zuen, eta biktimak muturreko batekin erantzun zion. Zauriren bat izanez gero, erail egingo zuela esan zion gizonari, eta zerbitzariak tabernatik irteteko eskatu zion. Zerbitzariaren esanari jaramonik egin gabe, komunera joan zen, eta bueltatutakoan, “hitzik esan gabe”, labankada bat eman zion gizonetako bati.
Erasotzaileak beste lau labankada eman zizkion beste gizonari labana askatu aurretik. Tabernako gainerako bezeroek istilua baretzea eta gizona etxera bidaltzea lortu zuten. Ertzaintzak etxean atxilotu zuen erasotzailea, eta agenteek anbulantziari deitu zioten. Anbulantziaren gidariarekin ere liskarra izan zuen erasotzaileak, eta osasun langileak bihurritua egin zuen ezker belaunean. Erasotzaileak 800 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio gidariari.