Gizartea -
Aurkikuntza
Ezkonduta al zegoen Jesus Nazaretekoa?
Harvardeko irakasle batek Jesus ezkonduta zegoela jasotzen duen koptoeraz idatzitako IV. mendeko papiro bat aurkitu du.
Erredakzioa
Harvardeko historialari batek Jesu Kristo ezkonduta zegoela jasotzen duen IV. mendeko papiro bat aurkitu du, koptoeraz idatzita. Papiroak emakumezko dizipulu bat ere aipatzen du. "Jesusek esan zien: 'Nire emaztea'", irakur daiteke, eta "emakume hau nire dizipulua izateko gai izango da", gaineratzen du.
NY Times egunkariaren edizio digitalaren arabera, Karen L. King irakasleak Erroman egin duten Ikerketa Koptoen Nazioarteko Kongresuan iragarri du aurkikuntza. Kingek Ebanjelioaren hainbat aurkikuntzari buruzko zenbait liburu argitaratu ditu.
Papiroaren jatorria ezezaguna da eta jabeak ez du hedabideetan atera nahi. Publikoa egin arte, Kingek papirologian eta koptoan aditu batzuekin aztertu du papiroa, eta ziur asko benetakoa dela ondorioztatu dute. Hala ere, irakaslea eta bere kolaboratzaileak aditu gehiagoren iritzia jakiteko irrikan daude.
Oraindik ere gauza asko argitu behar dituzten arren, aurkikuntzak Jesu Kristo ezkonduta egoteari, Maria Magdalena bere emaztea izateari eta dizipula bat izateari buruzko eztabaida berpiztuko du.
Hala eta guztiz ere, Kingek aurkikuntza garrantzitsua dela esan du; izan ere, Jesus emakume bati buruz hitz egiten agertzen den lehen dokumentua da. Kingek esan duenez, lehen kristauek Jesus ezkondu ote zen edo ezkongabea ote zen eztabaidatu zuten, eta haren jarraitzaileek bi bide horietako zein hartu behar ote zuten ere hartu zuten eztabaidagai. "II. mendean kristauek ezkondu behar zuten ala ez eztabaidatu zuten", azaldu du.