Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Indarkeria zantzuak dituen emakume baten gorpua aurkitu dute Valladolideko etxe batean izandako sutean
Biktimaren senarra ordu batzuk geroago atxilotu dute Vigon (Galizia).
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Suhiltzaileek eta Polizia Nazionalak 49 urteko emakume baten gorpua aurkitu dute astelehen honetan Valladolideko Pajarillos auzoko etxebizitza batean piztutako sute batean. Gorpuak indarkeria zantzuak ditu, Gaztela eta Leongo Gobernuaren Ordezkaritzak jakitera eman duenez. Biktimaren senarra ordu batzuk geroago atxilotu dute Vigon (Galizia).
Ezbeharra astelehen honetan gertatu da, 08:20ak aldera, Pajarillos auzoko Sison kaleko etxebizitza batean piztutako sutearen ondorioz.
Sua itzaltzeko lanetan ari zirela, suhiltzaileek emakume baten gorpua aurkitu dute etxebizitzan, indarkeria zantzuekin. Sutearen ondorioz, emakumearen hiru txakurrak ere hil dira.
Bizilagunek komunikabideei adierazi dietenez, hildako emakumea atzotik ikusi ez duten senarrarekin bizi zen. Gaineratu dute oso pertsona bortitza eta gatazkatsua dela gizona, eta beste bizilagun bati eraso eta mehatxu egiteagatik kondenatu zutela.
Bestalde, Berdintasun Ministerioak jakinarazi du datuak biltzen ari dela hilketa matxista izan den argitzeko.
Valladolideko Sexu Erasoen eta Tratu Txarren Biktimei Laguntzeko Elkarteak (Adavasymt) elkarretaratzea egingo du astertean hilketa gaitzesteko.
Bizilagun batek komunikabideei adierazi dienez, emakumearen senarrak -Juan izenekoa- aizkora batekin beste pisu bateko ate bat txikitu zuen.
Bere esanetan, 04:00etan kolpe handi bat entzun du bere etxean eta 08:00etan kea ikusten hasi dira leihotik irteten eta suhiltzaileei deitu diete.