Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Bi mendizale gipuzkoar hil dira Mont Blancen, Parekotasun Legea, eta Israel-Hamas
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko abuztuaren 22an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Ezbeharra Mont Blancen: Gipuzkoako bi mendizale hil dira Mont Blanc mendian (Frantziako Alpeeetan) tontorretik jaisten ari zirela istripu bat izan dutenean. Haiekin eskalatzen ari zen hirugarren mendizale bat bizirik atera da, eta zauri arinak ditu. Hildakoek 26 eta 27 urte zituzten, eta Oiartzun eta Usurbilen jaiotakoak ziren, baina bigarrena Lezon bizi zen. Bizirik atera den mendizalea, berriz, Oiartzungoa da. Mikel Arruti Lezoko alkateak eta Joana Mendiburu Oiartzungo alkateak doluminak eman dizkiete Mont Blanc mendian atzo hildako mendizaleen senide eta lagunei.
- Parekotasun Legea: Parekotasun Legea, emakumeen eta gizonen ordezkaritza parekideari eta presentzia orekatuari buruzko Lege Organikoa, gaur sartu da indarrean "akats tekniko" batekin. Akats horrek babesik gabe uzten ditu istripu, gaixotasun larri edo ospitaleratze baten ondorioz senitarteko bat zaintzeko bost eguneko baimen berria edo lanaldia egokitzeko baimena hartzen duten langileak.
- Israel-Hamas azken ordua: Israelen eta Hamasen artean bitartekari lanak egiten ari diren Egiptok, Qatarrek eta AEBk "atzeratu" egin dituzte Gazan su etena lortzen ahalegintzeko pasa den asteazkenerako Kairon iragarrita zeuden negoziazioak. Halaber, Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak Dohara egindako bisita amaitu du, Gazako gerra hasi zenetik Ekialde Hurbilera egin duen bederatzigarren bisitan. Gauzak horrela, elkarrizketak ez atzera ez aurrera daude.