Gizartea -
BIZKAIA
Ospitalean daude semeak Bilbon zauritutako gizon-emakumeak, aita larri eta ama arriskutik kanpo
Ama arriskutik kanpo dago; aitaren osasun egoera, baina, makalagoa da, zauriek eta adinak eraginda. Bestalde, erasotzailea hil egin da goizaldean.
eitb media
Semeak eraso eginda ostiralean Bilboko San Adrian auzoan larri zauritutako bikotea Basurtuko ospitalean dago oraindik. EITB Mediak jakin duenez, gizona egoera larrian dago.
Bestalde, erasotzailea hil egin da goizaldean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren esanetan. Aurretik, Loiuko aireportuko aparkalekuko laugarren solairutik behera erori zen autoarekin.
Gurasoak anbulantzian eraman zituzten ospitalera, larri. Ama arriskutik kanpo dago; aitaren osasun egoera, berriz, makalagoa da, zauriek eta adinak eraginda.
Ostiral arratsaldean gertatu zen erasoa. Ondoren, etxebizitzan gotortu zen erasotzailea, eta balkoitik salto egingo zuela mehatxu egin.
Azkenean, 18:00ak aldera, mehatxua beteta, jauzi egin zuen, eta larrialdi zerbitzuek jarritako koltxonetatik gertu erori zen. Dirudienez, farola bat jo zuen aurretik. Anbulantzian eraman zuten ospitalera.
Agenteen zaintzapean izan dute bertan, giza hilketa saiakera egotzita.
Esan bezala, aurretik, aireportuko aparkalekuko laugarren solairutik behera erori zen autoan, eta bere kabuz atera zen ibilgailutik, iraulita geratu zen arren.
Azkenean, atzo Bilbon eta inguruetan izua zabaldu zuen gizona goizaldean hil da, Basurtuko ospitalean.