Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Isunak Bilboko EGEan, bronkiolitisaren txertaketa eta sailburuen ildo nagusiak
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko irailaren 16an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Isunak hasiko dira Bilboko EGEan: Bilboko Udala gaur hasiko da isunak jartzen baimenik gabe Emisio Gutxiko Eremuan sartzen diren ibilgailuei, behin egokitzapen epea amaituta. Bilboko Emisio Gutxiko Eremua ekainaren 15ean sartu zen indarrean eta, ordutik, sarbideen kontrola martxan egon da, baina isunak jarri beharrean, ohartarazpenak bidali dizkio araua urratu dutenei.
- Bronkiolitisaren aurkako txertaketa: Gaurtik aurrera, bigarren urtez jarraian, Osakidetzak txertoa jarriko die bronkiolitis larria izateko arrisku handiena duten haurrei. Txertoa, batez ere, jaioberriei, 3 hilabetetik beherakoei, ume goiztiarrei eta gaixotasun kronikoren bat duten 2 urtetik beherako haurrei jarriko diete. Urtero, 6.000 haurri baino gehiagori eragiten die arnas aparatuko gaixotasun horrek, eta kanpaina horren bidez, ospitaleratzeen kopurua erdira murriztu nahi dute.
- Sailburuen ildo nagusiak: Eusko Jaurlaritzako sailburuak Eusko Legebiltzarrean izango dira banan-banan gaurtik aurrera, legealdi honetarako prestatu dituzten programak zehazteko. Egunean bi agerraldi egongo dira, irailaren 25era arte. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea izango da lehena. Gainera, Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torresek astelehenean bertan hartuko du hitza.